Itxi

2017/05/09

01:02

Gizartea

Osasuna

Urdulizko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzua, gaurtik aurrera martxan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Astelehen honetan inaugurazio ekitaldia egin dute. Uztailean ospitalea ireki zutenetik, 32.000 kontsulta eta 20.000 proba egin dituzte.

1:25
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Atzo, astelehena, inauguratu zuten Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitaleko Larrialdi Zerbitzua. Gaurtik aurrera martxan izango da eta 65 profesionalek lan egingo dute bertan.

Ospitalera egin duten bisitan, Larrialdi Zerbitzuetak lan egingo duten langileekin izan ziren atzo Iñigo Urkullu lehendakaria, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusia eta Javier Bilbao Urdulizko alkatea.

Larrialdi Zerbitzu berriak 'triage'ko bi postu berri, anbulatorioko zortzi kontsulta, ebakuntza gela, bihotz-biriketako bizkortzeak egiteko gela, tratamenduetarako gela, behaketa gela, X izpien gela, traumatologia aretoa, sendaketa gela eta 19 box izango ditu; hori guztia 1.800 metro koadrotan banatuta.

Urteko 365 egunetan eta 24 orduan zabalik egongo da eta Uribe eskualdeko eta Mungialdeko bizilagunen beharrei erantzungo die: Arrieta, Bakio, Barrika, Berango, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Getxo, Gorliz, Laukiz, Leioa, Lemoiz, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia, Plentzia, Sopela eta Urduliz.

Larrialdi Zerbitzuaz gain, bigarren fase honetan beste hainbat zerbitzu jarriko dira martxan: etxez-etxeko ospitalizazio zerbitzua, kanpoko kontsultak, digestio aparatuko endoskopia zerbitzua eta kirurgia handi anbulatorioa. Ekipamenduari eta teknologiari dagokionez, 6 milioi euroko inbertsioa egin dute bigarren fasean.

Aurrerago, ospitalizazio mediku eta kirurgikoa, bloke kirurgikoa eta bizkortze unitatea martxan jartzen direnean, Urdulizko ospitalea ia % 100ean martxan izango da. Azkenik, Onkologia eta Eguneko Ospitale zerbitzuak irekiko dituzte.

Uztailean ospitalea ireki zutenetik, 32.000 kontsulta eta 20.000 proba egin dituzte.

“Kalitatezkoa eta publikoa” izatea eskatu dute sindikatuek

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuak Iñigo Urkulluren aurrean mobilizatu dira astelehen honetan, Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitaleko larrialdi zerbitzuaren inaugurazioa dela eta. Bertan, “Osakidetzaren pribatizazioa” salatzeaz gain, “irekieraren atzerapena” salatu dute. Ildo horretatik, zerbitzua “kalitatezkoa eta publikoa” izan dadin exijitu dute.

Natxo Alvarez LAB sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, “Urdulizko Ospitalea % 100 publikoa izatea” espero du. Bere esanetan, “Urdulizko Ospitaleetako sukalde, ikuztegi eta garbikuntza zerbitzuen baldintza-agiria geldiarazteko agindua jaso ondoren ere, Osakidetzak zerbitzu horiek eta beste zentro batzuetakoak pribatizatzeko asmoarekin jarraitzen du”.

Ildo horretatik, zerbitzu publiko baten alde egin dute sindikatuek, kalitatea hobea izateaz gain, ekonomikoki ere merkeago delako. “Osasun-sistemak zenbat eta pribatizatuago egon, orduan eta desberdintasun handiagoa osasun-zerbitzuak eskuratzeko”, esan du Alvarezek.

Oro har, langile publikoen lan-baldintzak enpresa pribatu batekoenak baino hobeak direla nabarmendu du LABek.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;