Gizartea -
Jada etxean daude
'Ez ginen beldur izan', esan dute Indiatik etorritako mendizaleek
Pedro Aizarnaren hitzetan, "herria desagertuko zela aditzera eman zuten albisteengatik beldur izan gara" eta espedizioko kideak onik daudela berretsi du.
Erredakzioa
Atzo asteartean euren etxeetara heldu ziren Galdakaoko zazpi mendizaleek Asiako herrialdean euren biziengatik "inoiz" beldur izan ez direla adierazi dute, zonalde seguru bateko hotel batean zeudelako. Etxera deitzen zutenean ematen zizkieten albisteek gehiago ikaratzen zituztela gaineratu dute.
"Handik irteten uzten ez zigutenez, mus partida bat antolatzekotan egon ginen. Ia ez genuen jaten. Han utzi ditugu janaria eta botikak banatu ditzaten, baina ez gara beldur izan, nahiko lasai geunden", azaldu dute mendizaleek.
Pedro Aizarna mendizaleen bozeramaileak azaldu duenez, atzo Galdakaora heldu zirenean, herriko jendea mendizaleak beraiek baino okerrago egon direla nabaritu zuen. "Besarkadak ziren nagusi", azpimarratu du.
Euren oporrak "nahiko gogorrak" izan direla esan dute Indiako uholdeengatik Leh hirian atera ezinik egon diren mendizaleak. "Gure bizitzako oporrak ziren. Mendizale batentzat Himalaiara doala esatea itzela da. Ganguren taldeak bertara joateko irteera bat antolatu zuen. Zazpi hilabetez buru belarri ibili ginen hori prestatzen. Elkar ezagutu gara, berrogei lagunetik gorako taldea joan gara, baina tamalez, bost egunez soilik egon gara elkarrekin", deitoratu du.
Indiako biztanleei eskerrak ere eman dizkio Aizarnak etxera deitzeko haien sakelakoak doan utzi dizkietelako.
Gainontzekoak "animatuta daude"
Oraindik etxera bueltatu ez diren gainontzeko mendizaleei buruz, "oso animatuta" daudela adierazi du. "20a eta 21era arte Delhi ezagutzeko geratu den jendea badago. Ezin dezaket baieztatu baten bat Lehn geratu den, baina orain bertan hemen bezain ondo daude. Agian baten batek bertan geratzea erabaki du", zehaztu du.
"44 mendizale joan ginen. Atzo zazpi bueltatu ginen, gaur beste laupabost edo hamar itzuliko dira eta beste batzuk, abuztuaren 20tik aurrera datoz, oporrak bukatzen dituztenean. Batzuk lehenago iritsi gara gure abizenaren letragatik", azaldu du.
Leh hiriko aireportuan egoera "ikaragarria" bizi zutela aitortu du eta Delhin bertan, Bruselatik pasatuz eta gero, Brusela-Madril hegazkin-txartelen bila hasi zirela kontatu du. Behin Madrilen autobusez Galdakaora etorri direla, zehaztu du.
"Bakarrik" egon ziren
"Une oro nahiko bakarrik" egon zirela eta euren kabuz etxera bueltatzeko moldatu behar izan zirela esan du Aizarnak. Dena den, Espainiako enbaxadako pertsona batek aireportura heltzen lortu zuela onartu du eta hari esker, Indiatik joan nahi zituztenentzako izapideak bideratu zituen.
"Denak onik gaude, baina aurreko gauean hegaldia hartuz gero, baliteke hemen ez egotea, zeharkatu genuen harana desagertu zelako", azaldu du eta haiek zeuden tokitik kilometro erdira, "eraitsitako etxeak eta desagertutakoen bila zegoen jendea zegoela eta kiratsa nagusi" zela gaineratu du.