Gizartea -
Pint of Science
Ikerlariek zientziari buruzko hitzaldiak emango dituzte Bilboko tabernetan
Maiatzaren 15 eta 17 bitartean, 23 zientzialarik haien lanari buruz hitz egingo dute ondorengo tabernetan: Bilboko Kafe Antzokian, La Riberan, Dock-en eta Hika Ateneon.
EITB.EUS
Maiatzaren 15 eta 17 bitartean, Bilbok ‘Pint Of Science’ nazioarteko ekitaldiaren hirugarren edizioa hartuko du. Ikertzaileak eta hiritarrak elkartzea eta zientziari buruz hitz egitea da zientziaren hedapenaren arloko deialdi horren helburu nagusia. Aurten, 42 hiritako 100 tabernek baino gehiagok hartuko dute parte ekitaldian, eta, dagoeneko, 370 zientzialaritik gora eman dute izena. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 400 hitzaldi inguru egongo dira.
Gauzak horrela, Bizkaian jarduten duten 23 zientzialarik haien lanari buruz hitz egingo dute datorren astean egingo dituzten aurrez aurreko elkarrizketetan. Zehazki, ondorengo tabernetara irtengo da zientzia: Bilboko Kafe Antzokira, La Riberara, Dock-era eta Hika Ateneora, hain zuzen ere. 19:00etatik aurrera, zientziaren egunerokotasunari buruz hitz egingo dute, giro atsegin eta parte-hartzailean, antolatzaileek nabarmendu dutenez.
Hiru egun hauetan, zientziarekin lotura estua duten bestelako gaiak jorratuko dira. Kafe Antzokian, ‘Buru miresgarria’ gaia landuko da. Bertan, alzheimerraren gaixotasunari eta elebitasunari buruz hitz egingo dute ikertzaileek.
Beste alde batetik, neuronak eta burmuinaren berezko garbiketa sistemak izango dituzte hizpide ‘Gure gorputza’ gaiaren barruan. Gainera, bizitza dastatzen eta, aldi berean, minbiziaren aurka nola egin azalduko dute La Riberan.
Dock tabernan ‘Atomoetatik galaxietara’ gaiaren inguruan hitz egingo dute. Gauzak horrela, garrantzia berezia emango diote Juno misioari, dokumentuen autentifikazioari eta ordenagailu kuantikoei.
Gainera, Hika Ateneoan ‘Tech me out!’ gaiaren inguruan eztabaidatuko da. Besteak beste, garagardoa nola egin, zuntz optikoa nola ekoiztu eta aplikazioak zein diren azalduko dute. Era berean, olatuen indarraren bidez energia nola lortu daitekeen erakutsiko dute.
Herritarren jakin-mina pizteko asmoz, ikertzaileek aurkeztuko dituzten gaiei izenburu deigarriak jarri dizkiete. Gainera, ekitaldi elkarreragileak antolatu dituzte; esaterako, astelehenean, Ribera eta Kafe Antzokian, bertaratzen diren pertsona guztiek mikroskopioen bidez ikusteko aukera izango dute. Egun horretan, Hika Ateneoan (eta asteazkenean Kafe Antzokian) Boga garagardoa dastatzeko aukera egongo da. Asteazkenean, Dock-en emakumea eta zientziari buruzko mahai-ingurua antolatu dute.
Antolatzaileen esanetan, zientziaren alde dibertigarriena eta harrigarriena ezagutzea da ekitaldiaren helburu nagusia. Horrenbestez, ezinbestekoa da Pint of Science jaialdiko jardueretan parte-hartzea. Halaber, bertaratzen direnek ikertzaileek galderak egiteko aukera izango dute, izan ditzaketen zalantzak argitzeko, hori baita jaialdiaren funtsa.