Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia ezarri dute prezipitazio handiagatik
Asteazkeneko 15:00etatik osteguneko 06:00ak arte egongo da indarrean. Ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago pila daitezke.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du gaur arratsaldean prezipitazio handiak izateko arriskuagatik. Ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago pila daitezke.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak zehaztu duenez, abisua asteazkeneko 15:00etatik osteguneko 06:00etara egongo da indarrean.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, zerua hodeitsu egongo da asteazken honetan, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, bereziki egunaren bigarren partean. Baliteke gauean, zenbait tokitan, handiak izatea. Txingorra ere egin dezake. Haizeak hegoaldetik joko du, bolada gogorrekin, eta oso gogor batzuekin haizeguneetan. Eguerditik aurrera, ipar-osagaia nagusituko da kostaldean eta eki-osagaia gauean. Tenperaturak atseginak izango dira, 24 ºC-ko maximoekin.
Ostegun goizaldean, ildo beretik jarraituko du aroak: zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, batez ere ekialdean. Egunaren gainerako orduetan, ostarteak eta hodeiak agertuko dira zeruan. Arratsaldean, ezegonkortasuna handiagoa izango da, eta baliteke zaparradaren bat edo beste botatzea. Haizea ere nabarmentzekoa izango da; hego-mendebaldetik joko du eta zakar ibiliko da ia egun osoan. Tenperaturari dagokionez ez da aldaketa askorik espero.
Ostiralean ere antzeko eguraldia espero da. Egunaren lehen partean, hego-mendebaldeko haize zakarrarekin, tenperatura epelarekin eta hodei eta ostarteekin jarraituko dugu. Arratsaldeak aurrera egin ahala, haizeak indarra galduko du eta mendebaldetik finkatuko da; hortik aurrera zaparrada trumoitsuak botako ditu.