Gizartea -
Indarkeria futbolean
Erasoak, irain matxistak eta arrazistak salatu ditu Bizkaiko epaile batek
Salatutako gertaerak joan den igandean gertatu ziren, Bizkaiko Bigarren Mailako Karrantza eta Zuazo taldeen arteko futbol partidan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan den igandean Bizkaiko Bigarren mailako futbol partida batean izandako erasoak, irain matxistak eta arrazistak salatu ditu Bizkaiko Lurralde Federazioko epaile batek. Salatutako gertaerak Karrantza eta Zuazo taldeen arteko partidan gertatu ziren.
Partidako aktan irakur daitekeenez, istiluak neurketako bigarren minutuan hasi ziren. Harmailetatik partida ikusten ari ziren Karrantzako zale batzuk marrazainari (emakumea) birao egiten hasi zitzaizkionean. Halaber, jokalari beltz bati ere irainak egin zizkioten.
Epailearen esanetan, Karrantzako ordezkaria jakinaren gainean jarri ondoren, irainak ez ziren errepikatu lehen zatian. Bigarren zatian, baina, Zuazok partida bukatzeko hamabost minuturen faltan gola egin zuenean bereziki, marrazainaren aurkako erasoak hasi ziren: "mehatxuak, irainak eta mespretxuak".
90. minutuan, Karrantzako jokalari batek txistua bota zion bizkarrean marrazainari, eta identifikatu gabeko pertsona batek kolpea eman zion Zuazoko zuzendaritzako kide bati partidaren amaieran.