Gizartea -

Sutea kontrolpean

Azkoieneko 500 herritar aterarazi dituzte sute batengatik

Ez da hildakorik izan, jada sutea kontrolpean dago eta auzokideak euren etxeetara itzultzen ari dira. Bost pertsona atxilotu dituzte sutearekin harremana dutelakoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azkoieneko 500 herritar inguru euren etxeetatik aterarazi zituzten atzo Faltzeseko pinudi batean 17:15ak aldera piztutako sute bategatik, Nafarroko Gobernuak jakinarazi duenez.

Goizaldeko laurak aldera kontrolatu dute oraindik piztuta dagoen sutea, eta hildakorik eragin ez dituen arren, 500 auzokide irtenarazi zituzten. Batzuk senitartekoen gertuko etxeetan lo egin dute eta 58 pertsona inguru Azkoieneko frontoian eman dute gaua.

Euren etxeetatik irten beharrak ustekabean harrapatu zituen guztiak eta ezinegona izan da nagusi goizalde osoan. Ordu biak aldera, egoerak okerrera egin du eta sua Lerin eta Andosilla herrietara helduko zen beldur izan dira, baina egoerak hobera egin du haizea baretu ondoren.

Orduotan 300 lagun sua itzaltzeko lanetan dabiltza. Zaragozatik heldutako Espainiako Armadako soldadu talde batekin bat egin dute Nafarroako suhiltzaileek. Horrez gain, hiru helikopterok, bost hegazkinek eta bi hegazkin txikik itzaltzeko lanetan parte hartuko dute. Eguraldiaren iragarpenaren arabera, eguerditik aurrera haize-bolada indartsuak izango dira eta itzaltze lanak zaildu litezke.

Bost atxilotu

Bost pertsona atxilotu dituzte sutearekin harremana dutelakoan eta ezbeharraren nondik norakoak argitzeko ikertzen dabiltza.

Nafarroako Gobernuaren azken balantzearen arabera, bostehun hektarea inguru kiskali ditu suak, dena den, goizean bertatik bertara kalteak zenbatetsi dituzte. Baliteke Erriberagoitiako azken urteetako sute larrienetako bat izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea