Gizartea -
Indarkeria futbolean
Karrantza taldea zigortu dute epaile bati egindako eraso eta irainengatik
Datozen lau partidetan itxita egon beharko du zelaiak, eta taldeak 600 euroko isuna ordaindu beharko du. Marrazainari txistua bota zion Karrantza taldeko jokalariari 12 partidako zigorra ezarri diote.
Agentziak | Erredakzioa
Zigorra ezarri diote Karrantza Kirol Klubari maiatzaren 8an Bizkaiko Bigarren mailako Karrantza-Zuazo futbol taldeen arteko partidan jazotakoengatik. Karrantzako zale batzuek eta jokalari batek eraso eta irainak egin zizkieten marrazainetako bati, aurkari bati eta Zuazo futbol taldeko zuzendaritzako kide bati. Bizkaiko Futbol Federazioaren Diziplina Batzordeak honako zigorra ezarri dio taldeari: 600 euroko isuna eta zelaiaren behin-behineko itxiera (lau partida). Horrez gain, marrazainari txistua bota zion jokalariak 12 partidako zigorra jaso du.
Iñaki Gomez Mardonez Bizkaiko Futbol Federazioaren presidenteak nabarmendu duenez, karguan dagoenetik (2004) ezarritako zigor handiena da honakoa.
Partidako aktan irakur daitekeenez, istiluak neurketako bigarren minutuan hasi ziren. Harmailetatik partida ikusten ari ziren Karrantzako zale batzuk marrazainari (emakumea) birao egiten hasi zitzaizkionean. Halaber, jokalari beltz bat ere iraindu zuten.
Epailearen esanetan, Karrantzako ordezkaria jakinaren gainean jarri ondoren, irainak ez ziren errepikatu lehen zatian. Bigarren zatian, baina, Zuazok partida bukatzeko hamabost minuturen faltan gola egin zuenean bereziki, marrazainaren aurkako erasoak hasi ziren; "mehatxuak, irainak eta mespretxuak", aktaren arabera.
90. minutuan, Karrantzako jokalari batek txistua bota zion bizkarrean marrazainari, eta identifikatu gabeko pertsona batek kolpea eman zion Zuazoko zuzendaritzako kide bati partidaren amaieran.
"Gizon edo emakume izan, epaileak, marrazainak eta aurkariak errespetatu behar ditugu. Zelaira doazen zaleek jakin behar dute ez dutela bestea iraintzeko eskubiderik. Epaileak hanka sartuko du, ziur, baina hori ez da irainak egiteko arrazoia. Kontzientzia hartu behar dugu, bestela, jai dugu", esan du Gomezek
Halaber, Raul Palacio Karrantzako alkateak barkamena eskatu du igandean futbol zelaian gertatutakoengatik, eta jokalariari zein taldeari ezarritako zigorrak babestu ditu.
Arbitroak, horren moduko jarreren aurka
Futbol Arbitroen Lurralde Batzorde Bizkaitarreko Zuzendaritzak dei egin die futbolean sartuta dauden talde guztiei jokoaren arauak eta bertan parte hartzen duten guztiak errespetatzea eskatzeko.
Gainera, Karrantzako Kirol Kubak jasotako zigorraren ostean adierazi duenez, antzematen duen edozein jarrera xenofobo, arrazista eta intolerantea salatuko du, horretarako, 2005eko martxoaren 18an adostutako protokoloa abiarazita.