Gizartea -

NAFARROA

Tafallako zerbitzari bat epaituko dute, emakumeak bainugelan grabatzeagatik

Fiskaltzak 333 urteko espetxe zigorra eskatuko du zerbitzariarentzat epaiketan. Salaketen arabera, taberna bateko zerbitzariak emakumezkoen komunean jarri zituen kamerak, 'irudi intimoak' hartzeko.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tafallako taberna bateko zerbitzari baten kontrako epaiketa hasiko da, gaur, Iruñeko Justizia Auzitegian. Emakumezko bezeroak bainugelan grabatzea egotzita, 333 urteko espetxe zigorra eskatuko du Fiskaltzak haren kontra.

Lehen ikerketen arabera, gutxienez 326 emakumeren irudiak hartu zituen kamerekin, horietako 22 adin txikikoak. Orain arte, 137 identifikatu dituzte, eta 120k jarri dituzte salaketak.

Orotara, intimitatearen kontrako 98 delitu leporatzen dizkiote akusatuari, eta horietako bakoitzeko bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatuko ditu Fiskaltzak. Intimitatearen kontrako delitua larriagotzen duten beste 22 delitu ere egozten dizkiote, eta horietako bakoitzagatik launa urteko kartzela eskatuko dute.

Behin behineko idatziaren arabera, Tafallako taberna batean egin zituen grabazioak 36 urteko zerbitzariak, 2014ko abuztutik 2015eko urtarrilera arte, gutxi gorabehera. Garai hartan, tabernako arduraduna zen akusatua.

Ikerketako iturriek zabaldu dutenez, hainbat kamera jarri zituen, ‘entxufe faltsuetan ezkutatuta’. Zuzenean komunera enfokatuta zeuden kamerak, ‘emakumeen parte intimoen irudiak hartzeko’.

Fiskaltzak bere idatzian zehaztu duenez, grabatutako irudi guztiak tabernako ordenagailuan gorde zituen, baina ez zituen zabaldu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Epaiketak bideoak Albisteak Gaur Tafalla albisteak Eguneko albisteak