Gizartea -

Lakuntza

Enpresa bateko arduradunak zigortu dituzte, langile baten heriotza egotzita

2015eko ekainaren 26an behargin bat hil zen Lakuntzako industria-nabe batean, 14 metroko altueratik erorita. Enpresak ez zuen segurtasun plana bete.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Zigor-arloko lehen Epaitegiak Nafarroako enpresa bateko bi arduradun zigortu ditu, langile baten heriotzaren erantzukizuna leporatuta.

Langilea 2015eko ekainaren 26an hil zen, Lakuntzako industria-nabe batean, behargina 14 metroko altueratik behera erorita.

Azpikontratatutako mantenu lanak egiten ari ziren Lakuntzako lantegian. Zehazki, sabaian zeuden aireztagailu zaharrak kendu eta berriak jarri behar zituzten. Hara gora igotzeko, plataforma jasogailu bat erabiltzen zuten, eta sabaian arnes batekin lotzen ziren.

Egun hartan, behargin bi lantegiaren sabaira igo ziren, azpikontratatutako enpresako enkargatuak hala aginduta.

Langileetako batek, arnesa manipulatzen ari zela eta oraindik lotu gabe zegoela, mugimendu bat egin zuen, tokiz aldatzeko, eta poliester plaka bat zapaldu zuen, baina plaka, bat-batean, apurtu egin zen, eta langilea zulotik behera erori zen, 14 metroko altueratik. Metalezko kontainer batera jausi zen, eta, kolpearen ondorioz, hil egin zen.

Enpresak Laneko Osasun eta Segurtasunerako plan bat eginda zeukan, eta, besteak beste, erorketak ekiditeko neurriak aurreikusten zituen, baina, epaiaren arabera, neurri horiek ez ziren bete.

Akusatuak enpresako arduradun legala eta azpikontratatako enkargatua dira. Biei sei hilabeteko espetxe-zigorra eta sei hilabeteko isuna (8 euro egunean) ezarri die, langileen eskubideen kontrako delitua egotzita.

Horrez gain, urtebeteko kartzela-zigorra ezarri die, zuhurtziagabeko homizidio delitua leporatuta. Alabaina, ez dira espetxera joan beharko, datozen bi urteotan deliturik egiten ez badute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Nafarroa Lana berriak Epaiketak albisteak Eguneko albisteak Euskal enpresak azken ordukoa