Gizartea -

Zientzia

Euskal ikerlariek pataten efektu antioxidatzaileak hobetu dituzte

Neiker-Tecnaliak patata moreak eta gorriak sortu ditu, osasunarentzat onuragrriak diren pigmentu antioxidatzaileak gaineratuta.

Argazkia: Neiker-Tecnalia
Argazkia: Neiker-Tecnalia
Argazkia: Neiker-Tecnalia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Neiker-Tecnalia Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Euskal Institutuak patata moreen eta gorrien klonak garatu ditu, osasunarentzat onuragrriak diren pigmentu antioxidatzaileak gaineratuta.

Neiker-Tecnaliatik azaldu dutenez, patatak, oinarrizko elikagaia izateaz eta mundu mailako elikagai-labore nagusietako bat izateaz gain, ondorio osasungarriak izan ditzaketen mineral eta fitokimiko asko ditu, antozianinak, azido fenolikoak eta karotenoideak, besteak beste. Fitokimiko horien (zelulei minbizi prozesuak sortzen dituen kaltetik babesten laguntzen dieten substantziak) kontsumoaren garrantziaren inguruan kontzientziazio handiagoa dago eta propietate organoleptiko jakinekin produktu berriak garatzeko interesa ere handiago da, eta horregatik sortu dira konposatu mota horiekin lotutako patataren hobekuntza genetikoa lortzeko ekimenak.

Orain gutxi pigmentu antozianikoen eduki handia duten barietate berriak garatu dira. Antozianinen ondorio terapeutikoak haien jarduera antioxidatzailearekin lotuta daude eta funtzio bikoitza dute, alde batetik osasunerako onuragarriak baitira, eta bestetik, kolore more edo gorri bizia ematen dieten pigmentuak dira, oso erakargarria da kontsumitzailearentzat eta merkaturako eta elikagai funtzionalen aukera berriak ekartzen dituzte.

Hobekuntza genetikoaren ikuspegitik alde batetik azido klorogenikoa dago, bai giza osasunerako dituen inplikazioengatik, bai landareak patogenoen aurkako defentsan dituen funtzioengatik. Beste alde batetik, karotenoideen taldea dago, kolore hori biziarekin lotuta egoteaz gain, patatan gehiengoak diren karotenoide batzuk bereziki garrantzitsutzat hartzen dira begietako osasunerako eta adinari lotutako makulako endekapena izateko arriskua murrizteko.

Patatako konposatu bakoitzaren kontzentrazio, banaketa eta konposizio erlatiboa oso lotuta dago ingurumen-faktoreekin ere, hala nola laborearen erabilerarekin, klimarekin, lurrarekin, izurriteen gorabeherekin eta gaixotasunekin, biltzeko unearekin, kalte mekanikoarekin, denborarekin eta gordetzeko baldintzekin.

Neiker-Tecnalia 2014tik egiten ari den ikerketaren helburua da konposatu bioaktiboen (antozianinak, fenolak eta karotenoideak) maila altuak eta gaitasun antioxidatzaile handiak dituzten barietateak lortzea, gure lurraldeko laborantzako baldintzetara egokituta. Horretarako, mami gorri eta moreko barietate batzuk ebaluatzen hasi ziren, baina egokitzapen eta produkzio maila baxua zutenez, gurutzaketak egin zituzten barietate optimoak lortzeko bai ekoizpenaren aldetik, bai nutrizioaren eta merkatuaren aldetik.

Aurten alderatzeko saiakuntza agronomikoak egingo dituzte eta etorkizun onena antzeman dieten klonak biderkatuko dituzte. Hala, hemendik gutxira barietate berriak izango dira, garatu eta merkaturatu ahal izateko.

Neiker-Tecnaliak lortutakoen moduko klonak izatearen garrantzia nabarmendu du. “Ekoizleentzat interesgarria da baldintza klimatiko zabaletara egokitzen diren patata morearen barietateak lortzea. Gainera, material hauek konposatu antioxidatzaile naturalak dituzte, eta horiek erakargarriak dira nutrizioaren ikuspegitik eta ikusmenaren aldetik, bai jatetxeen munduko profesionalentzat, bai azken kontsumitzaileentzat”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken orduko albistea Zientzia albisteak Zientzia hedapena gaur