Gizartea -
Uholdeak
Euriteek hiru hildako utzi dituzte Kordoban
Aguilar eta Bujalance udalerri kordobarrek hiru eta bi dolu-egun ezarri dituzte uholdeen ondorioz hildako pertsonengatik, eta horiek hondamen-eremutzat hartzea eskatu dute.
Erredakzioa
Hiru pertsona hil dira Kordoba probintzian bart hasi ziren eurite handien ondorioz, Guardia Zibilak eta Andaluziako Gobernuak jakitera eman dutenez.
Hildakoetako bi (gizona eta emakumea) 4x4 batean zihoazen uholde batek aurretik eraman zituenean, Zoñar urmaeletik gertu, Aguilar de la Frontera udalerrian. Bestea, hirugarrena, pareta bat behera etorri eta azpian harrapatuta hil da.
Guardia Zibilak 4x4 bat aurkitu du gaur goizaldean Zoñar urmaeletik gertu eta barruan gizonezko baten hilotza zegoen. Orduan, agenteek pentsatu dute gizona ez zela bakarrik joango istripua izan zuenean eta bila jarraitu dute. Hala, ibilgailutik 200 metro ingurura emakumezkoaren gorpua aurkitu dute.
Murru batek zapalduta
Bestalde, 36 urteko gizonezko bat hil da Bujalancen behera etorri den murru batek azpian harrapatuta.
Atzo gauean Kordoba probintzian botatzen hasi zen euritearen ondorioz, Guardia Zibilak herritarrei laguntzeko dispositibo bat jarri zuen abian, eta gaur berriro jarri dute martxan eguzkiaren lehen izpiak irten bezain laster.
Dolu-egunak eta hondamen-eremua
Aguilar de la Fronterak hiru dolu-egun ezarri ditu euriteetan hildako bi herritarrengatik. Bujalanceko udalerriak, halaber, bi dolu egun ezarri ditu, asteartea eta asteazkena.
Udalerri kordobar biak hondamen-eremutzat hartzea eskatu dute Udalek.
Azpiegiturak, kaltetuta
Kordoban bakarrik 200 inguru gertakari artatu behar izan dituzte euriteen ondorioz, hegoaldeko herrietan batez ere. 112 Larrialdi Zerbitzuetako iturriek zehaztu dute Bujalance Pedro Abadekin lotzen duen zubiaren zati bat erori egin dela.
Aguilar de la Fronteran, trenen zirkulazioa mugatu egin dute eta tren bat bide erdian geldiarazi behar izan dute.