Gizartea -
Inkesta
Toki publiko itxietan erretzea debekatzearen alde, euskaldunen % 61
Lantokietan erretzea debekatu behar dela pentsatzen du % 67k, jatetxeetan % 53k, frontoietan % 49k eta tabernetan, kafetegian, pubetan eta diskoteketan % 45k.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak egingo duen legea bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko toki publiko itxi guztietan erretzea ez uztea nahi du euskaldunen % 61, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako inkesta baten arabera.
EAEn, % 22 ohiko erretzaile da, % 6 noiz behin egiten du, % 26 ez du erretzen baina ohiko erretzaile izan da eta % 46 ez du inoiz erre. Eta portzentaia handi batek (% 69) erretzeari utzi nahi dio.
Oso deigarria da uztailean EAEko 1.200 pertsonari egindako galdeketatik atera daitekeen ondorioetako bat: galdetutakoen artean, euren burua ohiko erretzailetzat duten emakumezkoak (% 23) gizonezkoak baino gehiago dira (% 21). Halaber, egunero erretzen zuten gizonen % 31k erretzeari utzi diote; emakumeei dagokienez, berriz, % 22k utzi dute tabakoa.
Lurraldeka, Gipuzkoan % 24 ohiko erretzaile daude, Bizkaian % 21 eta Araban % 19.
Erretzea debekatzea non aplikatu behar den datuei dagokienez, lantokietan debekatu behar dela pentsatzen du % 67k, jatetxeetan % 53k, frontoietan % 49k eta tabernetan, kafetegian, pubetan eta diskoteketan % 45k.