Gizartea -
Auzitegi Gorena
Sanferminetan bikotekidearen erasotzailea jo zuenari zigorra murriztu diote
Erasotzailearen kasuan, berriz, urtebeteko kartzela-zigorrari eutsi diote.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Gorenak baieztatu egin du urtebeteko kartzela-zigorra 2014ko sanferminetan Iruñean emakume bati sexu-erasoa egin zion gizonezkoari, eta 9 hilabetetik 6ra murriztu dio biktimaren mutilari erasotzailea jotzeagatik jarri ziona.
Gazte estatubatuarrak gizonezko iruindarra jo zuen, eta horrek kolpe handia jaso zuen buruan lurrera erori zenean. Ondorioz, larrialdizko ebakuntza egin zioten eta 28 egunez egon zen ospitalean. Erdi mailako kalte estetikoa eragin zion kolpeak.
Auzitegi Gorenak onartu egin du sexu-erasoaren biktimaren bikotekideari zigorra murriztea, karateko gerriko beltza duen eta borroka greziar-erromatarrean txapelduna den gizonak arduragabekeria larriagatik lesioak egitea egotzita.
Hala, lesio delitua leporatu beharrean, "lesio falta eta arduragabekeria larriaren delitua" egotzi dizkio. Gainera, faltagatik ez dute zigortuko, emakumea defendatzeko egin zuelako, eta sei hileko zigorra arduragabekeriagatik ezarri diote.
Gainera, % 25 murriztu dituzte lesioengatik eta ondorioengatik ordaindu beharreko 16.500 eta 75.000 euroko kalte-ordainak.
Hala ere, 60.430 euro ordaindu beharko dizkio Nafarroako Osasun Zerbitzuari egindako kalteagatik.
Erasotzailearen kasuan, berriz, atzera bota du akusatuaren helegitea, eta urtebeteko kartzela-zigorra berretsi du, mozkortuta egotearen aringarriarekin, eta 3.000 euroko kalte-ordaina biktimarentzat kalte moralagatik.