Gizartea -

Nafarroa

Absolbitu egin dute Burlatan hildako gizonaren heriotzagatik auzipetutakoa

2014an izandako borroka batean biktimak ukabilkada bat jaso eta buruaz lurra jo zuen. Epaileak ez du froga nahikorik aurkitu erasoaren egilea dela egiaztatzeko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Zigor arloko 3. zenbakiko Epaitegiak absolbitu egin du 2014an Burlatako (Nafarroa) jaietan izandako borroka batean hildako gizonaren heriotzagatik auzipetutakoa. Biktimak ukabilkada bat jaso zuen eta buruaz lurra jo zuen. Larri zaurituta eraman zuten ospitalera, baina lau egun geroago hil zen, lurraren kontra hartuko kolpeak eragindako zaurien ondorioz.

Ebazpenaren kontrako helegitea aurkez daiteke, izan ere, epaileak adierazi du ez dagoela froga nahikorik, ezta eraginkorrik ere, auzipetutako gizona erasoaren eta sorospen-eginbeharra ez betetze delituaren erantzulea dela egiaztatzeko.

Borroka abuztuaren 16an izan zen, Burlatako taberna bateko kanpoaldean. Alabaina, epaileak ezin izan du egiaztatu auzipetutako pertsonak borroka hasi zuenik, ezta biktima edari alkoholdunen eraginpean zegoela aprobetxatuta heriotza eragin zion ukabilkada eman zionik ere.

Biktimak borroka jendetsu horretan parte hartu zuela egiaztatu du epaileak, baina akusatuaren errugabetasun presuntzioaren kontra froga nahikorik ez duela lortu gaineratu du. Ildo horretatik, lekukoek behin eta berriro esandako “kontraesan argiak” aipatu ditu, eta ezin diela sinesgarritasunik eman esan du.

Lekuko batzuen esanetan, marradun jertse gorria zeraman gizon argal batek eman zion biktimari ukabilkada, besteek ez zuten auzipetutakoa erasoaren erantzulearekin lotu, baina biktimak taberna barruan izandako beste borroka batean parte hartu zuela ziurtatu zuten lekukoek. Ildo horretatik, jarrera oldarkorra erakutsi zuela eta kalera atera zutela berretsi zuten.

Bestalde, egun horretan biktimari ukabilkada eman izana ukatu du auzipetutako gizonak, eta bertan egon ez zenez ez zuela borrokan parte hartzerik izan gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Delituak Gizartea albisteak Burlata Gaurko azken ordukoa