Gizartea -
Euskadiko armadorea
Albacora: 'Aurka egiten ez dieten ontziak bilatuko dituzte piratek'
'Galicia' ontzi espainiarra Indiako Ozeanora abiatu da Somaliako uretako segurtasunari eusteko, 'Infanta Cristina' eta 'Victoria' itsasontziekin batera.
Erredakzioa
Ricardo Garcia Albacora Euskadiko armadoreko zuzendariak "zailtzat" jo du iaz ''Alakrana'' atunontziari jazotakoa berriz gertatzea. Piratek "dirua lortzeko gogo hutsagatik'' eraso egiten dutela adierazi du eta euren itsasontzietan segurtasun pribatua dutenez, "haien bizia arriskuan jarriko ez" dutela eta "aurka egiten ez dieten ontziak bilatuko" dituztela esan du.
Radio Euskadiri eskainitako adierazpenetan, Indiako Ozeanoko piraten erasoak hurrengo asteetan "areagotuko" dela uste du Euskadiko armadoreko ordezkariak. Hain zuzen, montzoia bukatu eta itsasoaren egoera hobera egin duenean.
Horren harira, pirateria "izugarri gutxitu" baina "desagertu ez" dela adierazi du eta azken hilabeteetan, "ur askoz lasaiagoetara" aldatu dela azaldu du.
Horregatik, "ontziteria guztia alertan" dagoela zehaztu du, eta euren itsasontzietako segurtasun pribatuak arrantzaleei "lasaitasuna" ematen diela adierazi du.
Atalanta Operazioarekin bat egin duen ''Galicia'' ontziari buruz, "piraten jarduera kontrolpean izateko esfortzu guztiak ongi etorriak direla" nabarmendu du.
Atalanta Operazioa
''Galizia'' ontzia Somaliako uretara abiatu du ''Infanta Cristina'' eta ''Victoria'' Atalanta Operazioko itsasontziekin bat egiteko. Victoria Espainiara itzuliko omen da igandean.
Espainiak Aden eta Somaliako uretako segurtasunari eusteko konpromisoa hartu zuen Europar Batasunarekin.