Gizartea -
Indarkeria matxista
Rakel Lopez eta haren semearen hiltzailea atxilotu dute Madrilen
Hilketa maiatzaren 2an jazo zen, Alcobendasen (Madril). Rakelek 44 urte zituen eta Markelek 12. Eibartarrak ziren biak.
Agentziak | Erredakzioa
Rakel Lopez eibartarraren eta Markel semearen hiltzailea atxilotu dute gaur goizean Madrilen. Atxilotutako laguna Rakelen bikotekide ohia da. Zerbitzutik kanpo zeuden bi agentek egin dute atxiloketa.
Hilketa maiatzaren 2an jazo zen, Alcobendasen (Madril). Rakelek 44 urte zituen eta Markelek 12.
Atxilotutako gizonezkoak aurrekari penalak ditu, baina ez tratu txarrak emateagatik. Haren bila ari ziren, ustezko hiltzailea delakoan.
Madrilgo Tetuan auzoan identifikatu eta atxilotu dute 37 urteko gizonezkoa.
Hilketa Alcobendaseko etxebizitza batean gertatu zen. Erasotzailearen senide batek topatu zituen gorpuak 10:30 inguruan eta larrialdi-zerbitzuak ohartarazi zituen.
Polizia eta osasun-zerbitzuetako langileak berehala bertaratu ziren, baina ordurako biak odolustuta hil ziren. Labanaz egindako zauri ugari zituzten.
Antza, emakumeak ez zuen inoiz bere bikotekidea salatu eta hark ez zeukan inolako urruntze-agindurik ezarrita.
Atxilotutako gizonezkoa Rakelen bikotekidea zen, baina ez zen Markelen aita.