Gizartea -
Parker ZUnda
NASAk eguzkia 'ukitzeko' misio bat jarriko du abian 2018an
Eguzkiaren lurrazaletik sei milioi kilometrora gerturatuko da, sekula bertatik bertara aztertu ez den eremu batera, neurketak egitera.
agentziak | erredakzioa
NASA espazio agentzia estatubatuarrak iragarri du 2018an Parker zunda jaurtiko duela eta eguzkira gehien gerturatuko den tresna izango dela; izan ere, izarraren koroa ukituko du, eta neurketak egingo ditu sekula bertatik bertara aztertu ez den eremu batean.
Parker zunda eguzkiaren lurrazaletik sei milioi kilometrora gerturatuko da segundoko 200 kilometroko abiaduran. Eugene Parker eguzki haize supersonikoen teoria garatu zuen astrofisikariaren omenez jarri diote izen hori zundari.
Lehenengo aldiz misio bat eguzkiaren koroan sartzen saiatuko da, misterioz betetako eremu batean, izarraren beraren lurrazaleko tenperatura baino altuagoa duen lekuan. Orain arte teoria astrofisikoak soilik azaldu dituen sekretuak gordetzen ditu, eguzki haizeen azelerazioa tarteko.
Eugene Parker bera izan da misioaren aurkezpenean, Chicagoko Unibertsitatean, eta azpimarratu du mugarri izango dela bidaia hori, orain arte pentsaezina zelako, irradiazio, tenperatura eta abiadura handiengatik.
Misioa arrakastatsua izan dadin, 20 eguneko epe bat jarri dute 2018ko uztailean Delta IV kohetea jaurtitzeko, eta 1.500 milioi dolar (1.344 milioi euro) bideratuko dituzte.
Biziki garrantzitsua da eguzkia eta eguzki haizea aztertzea eguzki ekaitzak garaiz aurreikusteko, sateliteen jarduna eten eta itzalaldiak eragin ditzakeelako.