Gizartea -

Iruñeko jaiak

'Zezenketarik gabeko' sanferminak nahi ditu Iruñea Antitaurina kolektiboak

Horrez gain, entzierroak 'eztabaida propioa' izan dezala defendatu du, eta herritarrek erabaki dezatela jarraitzea nahi duten ala ez.

'Odolik gabeko' sanferminak proposatu ditu Iruña Antitaurina taldeak

3:08

Agentziak | Ererdakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñea Antitaurina kolektiboak, Iruñetik zezenketak "desagerraraztea" xede duenak, sanferminetako jai ereduari buruzko "eztabaida ireki" nahi du gizartean, "zezenen hilketaren gainean hausnarketa egiteko".

Hala adierazi dute kolektibo horretako bozeramaile diren Iban Aguerrik eta Celia San Vicentek, Iruñeko Zezen Plazaren aurrean egin duten ekitaldian.

Azaldu dutenez, "zezen bat publikoki sastatu eta odolustutzea ez da jai bat" eta, euren aburuz, "tauromakia beste garai batzuetako jarduera bat, desagertu egin beharko litzatekeena".

Horrez gain, bozeramaileen esanetan, "zezenketak aurkezpen-txartel eskasa dira mundu zabalean, gero eta gastu gehiago eta etekin gutxiago ekarriko dituztenak".

Zentzu horretan, jakinarazi dute azken zazpi urteetan zezenketek %  59eko beherakada jasan dutela publikoari dagokionez. Gainera, uste dute zezenaren industria "ahultzen" ari dela eta dagoeneko desagertuta egongo litzatekeela "jasotzen dituen laguntza publikoengatik ez balitz".

Aldi berean, aipatu kolektiboak sanferminetako jai ereduari buruzko "eztabaida ireki" nahi du gizartean, eta horrenbestez, "zezenen hilketari buruz gogoeta egitea eta heriotzarik eta odolik gabeko sanferminetarantz bidea egitea".

Euren iritziz, "Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak, hala dagokien neurrian, zezenketarik gabeko sanferminei buruzko eztabaida bat gidatu beharko lukete, eta bertan gizarteko, ekonomiako, kulturako eta jaiko eragileak bertan parte hartu beharko lukete".

Horrez gain, entzierroak ere "eztabaida propioa" izan dezala defendatu du Iruñea Antitaurinak, herritarrak izan daitezen entzierroek bere horretan jarrai dezaten ala ez erabakiko dutenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Albisteak Nafarroa Sanferminak 2024 Gizartea bideoak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua Sanferminetako entzierroa