Gizartea -

Euskal Eskola Publikoaren jaia

EHIGEk zalantzan jarri du itunpekoen funtzioa, aniztasunari erantzun ezean

Ikasle anitzak eta atzerritarrak eskolatzerako garaian dagoen 'desoreka' salatu du, gehien-gehienetan ikastetxe publikoei egokitzen zaielako.

Jai-giroa Euskal Eskola Publikoaren festan, euria gorabehera

1:07

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Usoa Urbieta EHIGEko (Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea) presidenteak Eusko Jaurlaritzari gaur ohartarazi dionez, aniztasunari erantzuten dion bakarra hezkuntza publikoa izanez gero, "zalantzagarria" da itunpeko ikastetxeek Euskadin duten funtzioa.

Euskal Eskola Publikoaren 26. Jaiaren irekiera ekitaldian egin du Urbietak gogoeta hori. Gasteizko Zabalgana auzoan ospatu da jaia, etengabeko euria zeriola, "Josi ta josi" lelopean.

Eskola publikoak gizartearen kohesioarekiko duen konpromisoa azpimarratu du EHIGEko presidenteak, hitzordura bertaratu diren agintarien aurrean, tartean Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua.

Ondoren, ikasle anitzak eta atzerritarrak eskolatzerako garaian dagoen 'desoreka' salatu du, gehien-gehienetan ikastetxe publikoei egokitzen zaielako.

Urbietaren aburuz, egun Euskadin dagoen itunpeko ikastetxe kopurua kontuan hartuta, "ez da egokia" eskola publikoak bere gain har dezala beharrizan zehatzak dituzten ikasleen eskolatzea.

"Baldin eta funts publikoen bitartez finantzatutako zentro pribatuek ez badute laguntzen, dagokien proportzioan, gizarteak eskatzen dituen xede komunak erdiesten, sistema ez da bidezkoa", azpimarratu du Urbietak.

Hezkuntzaren euskal legeari buruz, Urbietak adierazi du lege horrek aintzat hartu behar duela "publikoa eta itunpekoa bi errealitate desberdin direla", eta, ondorioz, argi utzi behar duela "eskola publikoak euskal hezkuntza sistemaren ardatza izan behar dela".

Bere aldetik, Uriarte sailburuak nabarmendu duenez, bere xedea da aipatu legea alderdi guztien artean adostea, eta, aldi berean, azpimarratu egin du ikasle immigranteei arreta emateko planaren garrantzia, "euskal hezkuntza sistemaren barruan aniztasuna balio bat" dela baieztatu ostean.

'Euskal ebaluazio-sistema propioa irailetik aurrera landuko dugu'
'Euskal ebaluazio-sistema propioa irailetik aurrera landuko dugu'
'Euskal ebaluazio-sistema propioa irailetik aurrera landuko dugu'

0:18

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua

Sailburuak hizpide izan du ere eskola publikoan martxan dagoen gatazka, non gehiengoa duten sindikatuek hiru greba egin dituzten aurten. Ildo horretan, "Eusko Jaurlaritzaren esku dauden eta hobe daitezkeen gaietan" adostasunetara iristearen alde egin du; alabaina, "desadostasunek ikasleei kalterik eragin ez" diezaietela eskatu du.

"Elkarlana da bidea. Hezkuntza arma politiko gisa erabiltzeari utzi behar zaio. Hezkuntza gatazkatik at geratu behar da. Batu egin behar gaitu", erantsi du.

Auzoko ikastetxe publikoetako ikasleek datorren urtean jaia antolatuko duen Lekeitioko (Bizkaia) eskolari eman diote lekukoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Eskola Publikoa argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Hezkuntza