Gizartea -
Unibertsitatea
20 gradu eta master dual eskainiko dituzte euskal unibertsitateetan 2020an
Egun, heziketa teorikoa eta praktikoa bermatzen duten gradu bi baino ez dituzte ikasleek aukeran.
Agentziak | Erredakzioa
2019-2020 ikasturtean unibertsitateek 20 gradu eta master dual eskainiko dituztela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Egun bi baino ez dituzte eskaintzen.
Iragarpena Iñigo Urkullu lehendakariak egin du Euskadiko Unibertsitateen Kontseiluarekin bildu ostean. Batzar horretan, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta EAEko hiru unibertsitateetako errektoreak izan dira: Nekane Balluerka (EHU), Jose Maria Guibert (Deustu Unibertsitatea) eta Vicente Atxa (Mondragon Unibertsitatea).
Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak ere hartu du parte bileran, unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanari bultzada ematea baita helburua.
Unibertsitatea-Enpresa 2022 Estrategiak gradu eta master dual kopurua handitzea du xede, "Euskadiren garapen sozial eta ekonomikoaren bidean".
Egun, bi gradu dual daude aukeran: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua eta Makina Erreminta Institutuak eskaintzen duena. 2019-2020 ikasturterako, 20 izango dira eta 600 plaza egongo dira (aurten 50 plaza baino ez dira egon).
Era berean, ingeniaritza, zientzia eta teknologia trebakuntzarako klusterra jarriko dute abian, fakultate eta eskolak enpresekin elkarlanean aritzeko eta ikasleak "espezializazio inteligentean" prestatzeko.
Horrez gain, 4.0 industriari buruzko lehen eskola sortuko dute, Hezkuntza Sailak eta AIC (Automotive Intelligence Center) zentroak bultzatuta, eta formakuntza Europako enpresetan egin ahal izateko programa jarriko dute abian, Confebasken laguntzarekin.