Gizartea -
Hegazkin istripua
Militar arabiar bat hil da Sevillan Eurofighter bat jausi ostean
Berarekin zihoan pilotu espainiarra onik atera da istripuaren momentuan hegazkinetik kanpora salto egin eta gero. Biak trebatzeko ohiko hegaldi bat egiten ari ziren.
Erredakzioa
Saudi Arabiako militar bat hil egin da Eurofighter borrokarako hegazkin bat Sevillan, Moroneko basean, jausi ondoren. Defentsa ministerioaren arabera, istripua goizeko 09:30etan gertatu da. Eurofighter batek Espainian duen bigarren istripua da gaurkoa.
Hegazkina trebakuntza hegaldi bat egiteko aireratu eta gutxira izan da. Oraindik argi ez dauden arrazoiengatik, hegazkinak lurra jo du.
Defentsa ministerioak esan duenez, Eurofighterrak lurra jo du aireratu eta "itzulera gabeko lerroa" gainditu eta gutxira.
Momentu horretan, hegazkina orduko 200 eta 300 kilometro bitarteko abiadurara zihoan.
Iturri berberen arabera, hegazkineko pilotua, ofizial espainiar bat, onik atera da istripuaren unean bere burua hegazkinetik kanpora ateratzeko mekanismoa erabili duelako. Behin lurrean, Moroneko botikinaren zainketak bakarrik behar izan ditu.
Aireko-Nabigazio Istripu Militarren Ikerketa Teknikoen Batzordeko kideak Moronen dira istripua zerk eragin duen aztertzeko.
Hildako militarraren identitaterik ez dute oraindik ezagutzera eman. Arabiarra Moronen zegoen Espainiak eta Saudi Arabiak Eurofighter hegazkina erabiltzeko trebakuntza sinatutako akordio bati esker.