Gizartea -
OBESITATEA
Munduan 2.200 milioi pertsonak dute gehiegizko pisua
20 herrialde populatuenen artean, AEBn dute obesitate maila altuena, eta Bangladeshen eta Vietnamen dute baxuena.
agentziak | erredakzioa
Munduan 2.200 milioi pertsonak dute gehiegizko pisua edo obesitatea, eta, ondorioz, horri lotuta izan ohi diren gaixotasunak izan ditzakete, The New England Journal of Medicine aldizkari espezializatuak argitaratu duenez.
1980tik 2015era 195 herrialdetan egindako ikerketaren emaitzetako bat da hori. Washingtongo Unibertsitateko IHMME institutuak egin du ikerketa, eta Stockholmen aurkeztu dute.
Datu horien arabera, 2015ean munduan 2.200 milioi pertsonak zuten gehiegizko pisua edo obesitatea; hau da, munduko biztanleen % 30 inguru.
Horietatik, 108 milioi haurrak ziren, eta 600 milioi obesitatetik oso gertu zeuden; 30eko indizean, hain zuzen.
Ikerketaren arabera, gorputz-masaren indizea (pertsonaren pisua eta altuera aintzat hartuta lortzen da) 30etik gorakoa bada obesitatea dago, eta 25etik 30era bitartean badago, gehiegizko pisua du.
1980tik, obesitatea bikoiztu egin da 70 herrialdetan, eta gora egin du etengabe ia herrialde guztietan. Gainera, haurren kasuan, helduen abiaduran baino azkarrago ari da igotzen gehiegizko pisua dutenen kopurua.
20 herrialde populatuenen artean, AEBn dute obesitate arazo larriena, biztanleen % 13k baitu.
Helduen artean obesitate maila altuena, baina, Egipton dute, % 35ekoa baita; AEBn (79,4 milioi pertsonak dute obesitatea) eta Txinan (57,3 milioi pertsonak dute) baino handiagoa.
Bestalde, umeei dagokienez, Txinan 15,3 milioi haurrek dute gaixotasun kroniko hori, eta Indian, 14,4 milioik.
Balantzaren beste aldean, Bangladesh eta Vietnam daude, obesitate indizea % 1ekoa baita bi herrialde horietan.