Gizartea -
Salaketa
14,7 milioi euroko iruzurra egitea egotzi dio Fiskaltzak Ronaldori
Ogasunari ez ordaintzeko 'egitura sozietario' batez baliatzea leporatu dio Ministerio Publikoak futbolariari.
Agentziak | Erredakzioa
Madrilgo Fiskaltzak Cristiano Ronaldo Real Madrileko futbolariaren kontrako salaketa aurkeztu du 14,7 milioi euroko iruzurra egitea leporatuta. Fiskaltzaren aburuz, Ogasunari "kontzienteki" ez ordaintzeko 'egitura sozietario' batez baliatu da futbolaria.
Ministerio Publikoak Pozuelo de Alarconeko (Madril) Instrukzio Epaitegiaren aurrean aurkeztutako idatzian, Ogasun Publikoaren kontrako lau delitu egotzi dizkio Ronaldori. Guztira, 14.768.897 euroko zerga iruzurra egitea leporatu dio.
Lionel Messi Bartzelonako jokalariaren aurka Auzitegi Gorenak hartu berri duen epaia aipatzen du Fiskaltzak bere idatzian. Fiskalak uste du Ronaldo 2010ean sortutako egitura sozietario batez baliatu dela irudi eskubideengatik lortutako irabaziak Ogasunari ez aitortzeko. Jarrera horrekin, futbolaria "kontzienteki eta modu boluntarioan" ari da urratzen dagozkion zergak ordaintzeko betebeharra, Fiskaltzaren esanetan.