Gizartea -
zientzia
Sanchez Lavega astrofisikariak jaso du Euskadi Ikerkuntza Saria
Katedraduna aitzindaria izan da EAEko espazio zientzien arloan astronomia eta astrofisika txertatzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Agustin Sanchez Lavega astrofisikari eta Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Fisika Aplikatuko katedradunak 2016ko Euskadi Ikerkuntza Saria jaso du astearte honetan, Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria buru izan duen ekitaldi batean.
Zientzia eta teknologia arloan entzute handiko bost ikertzailek osatutako epaimahaiak Sanchez Lavega astrofisikariaren aldeko ebazpena eman zuen, sariaren 21. edizioan aurkeztutako 13 hautagaien artean aukeratu ondoren.
Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta EAEtik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea ere, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu EAEn. Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria: urte bakoitietan Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitatean egiten da deialdia, eta urte bikoitietan Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen du.
Agustin Sanchez Lavega (Bilbo, 1954) Zientzia Fisikoan lizentziaduna da 1978tik, eta Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) doktore 1986tik. Ibilbide profesionala 1980an hasi zuen Heidelbergeko Max Plank Institut für Astronomie institutuko CAHA hispaniar-alemaniar Astronomia Zentroan eta Almeriako Calar Alto behatokian. EHUren Ingeniaritza Goi Eskola Teknikora 1987an itzuli zen, eta bertako katedradun da 1994tik.
Sanchez Lavega irakaslea aitzindaria izan da EAEko espazio zientzien arloan astronomia eta astrofisika txertatzen: EAEn, GCP Planeta Zientzien Taldearekin gauzatu zen ikertzaile eskola sortu zuen, eta 2009an Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan Espazio Gela eta Behatoki Astronomikoa eratu zituen.
Bere ikerketak eremu esperimentala eta arlo teorikoa hartzen ditu barne, Jupiter, Saturno eta honen satelite Titanen atmosferetako ekaitz ereduen garapena eginez, Venus, Jupiter eta Saturnoko zirkulazio jeneralen eta haizeen inguruko ereduen bidez, eta planeta erraldoietako antizikloi eta zikloi erraldoien izaerari buruzkoak garatuz.
Oinarrizko zientzian egin duen ikerketaz gain, Sanchez Lavega irakasleak astronomia instrumentazioaren garapen teknologikoan ere dihardu, EHUren PlanetCam proiektuan. Teknologia espazialaren eremuan, Europako Espazio Agentziaren zenbait proiektutan parte hartu du, hala nola Venus Express misioaren Virtis proiektuan eta Juice misio espazialaren Magis proiektuan. Gainera, berriki, Marte planetarako NASAren Mars 2020 misioan Meda instrumentuaren ikertzailekide eta koordinatzaile zientifiko izendatu dute.
Era berean, Sanchez Lavega irakasleak lan intelektual trinkoa ere egin du, astronomia eta espazio zientzietako ezagutzaren zabalkundearekiko konpromisoa hartuta. Zabalkunde eta saiakera liburu zenbaiten idazle ere bada: "Planetas Exteriores" (1987), "Origen y Evolución: desde el Big Bang a las sociedades complejas" (1999) eta "Misterios a la luz de la Ciencia" (2008).
Epaimahaiak aintzat hartu du Sanchez Lavega irakasleak ikerketan eta irakaskuntzan izandako ibilbidea, eta Zientzia Planetarioen alorrean nazioarteko erreferente bihurtu den ikerketa taldea sortu eta zuzendu izana. Horrez gain, nabarmendu du haren ikerketa lana maila eta ikusgarritasun handiko argitalpen ugaritan islatu dela, eta nazioarteko hainbat proiektutan parte hartu duela, ikertzaile nagusi gisa.
Epaimahaiaren arabera, sarituak "oso ekarpen garrantzitsua" egin dio atmosfera planetarioen azterketari, baita haiek ikertzeko metodologia berritzaileen garapenari ere. Halaber, zientziaren dibulgazioan eta zientzialari gazteen prestakuntzan urte luzez egindako lan oparoa goraipatu du.