Gizartea -
Istripua Nafarroan
Homizidioa egotzi diote Taxoareko istripua eragin zuen gidariari
Astelehenean motorzale bat hil zen Taxoaren, ibilgailu batek harrapatuta. Autoaren gidaria ez zen gelditu eta bere burua entregatu ondoren positibo eman zuen alkoholemia frogan.
Agentziak | Erredakzioa
Epaileak behin-behinean aske utzi du Taxoaren istripua eragin zuen gidaria, baina zuhurtziagabetasun larriak eragindako homizidioagatik auzipetu dute.
Joan den asteleheneko ezbeharrean, motorzale bat hil zen, akusatuak gidatzen zuen ibilgailuak jota.
Epaileak gidatzeko baimena kendu dio eta hilean behin epaitegian aurkezteko agindua ezarri dio.
Alabaina, auzipetua espetxean sartzeko fiskalak egindako eskaera baztertu du, ihes egiteko edo frogak suntsitzeko arriskurik ez dagoela iritzita.
Epaileak aintzat hartu du akusatua bere kabuz joan izana komisariara eta alkoholemia froga egiteko prest agertu izana. Era berean, kontuan hartu du egindako kaltea ordaintzeko hasieratik erakutsi duen borondatea.
"Gidaria erabat damututa dago, biktimaren familiari barkamena eskatu dio eta egindako kaltea ordaintzeko bere eskuetan dagoen guztia egiteko prest dagoela adierazi du", dio ebazpenak.
Hasierako zantzuen arabera, gidaria ez zen ohartu moto batekin talka egin zuela. Hori dela eta, epaileak oraingoz ez dio laguntza ez emategatiko delitua leporatu.