Gizartea -

Zibersegurtasuna

Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa irailean zabalduko dute, Miñaon

Zentro horren helburua enpresei eta azpiegitura kritikoei babesa ematea eta eraso informatikoak gertatuz gero azkar eta ongi erantzutea izango da.

Zibersegurtasun Euskal Zentroari buruzko xehetasunak eman dituzte prentsaurrean. Argazkia: EFE
Irailean abiatuko da Miñaon enpresa eta azpiegiturei laguntza emateko

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Zibersegurtasun Zentro berria irailean zabalduko dute Miñaoko Parke Teknologikoan, Araban, eta 1,5 milioi euroko aurrekontua izango du urtean. Zentro berria etengabe Ertzaintzarekin eta EJIErekin (Informatika Sozietate Publikoa) koordinatuta egongo da, eta zibersegurtasuneko mehatxu edo erasoei aurre egiteko balioko du.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak gaur eman dituzte ezagutzera irailean ateak zabalduko dituen Euskadiko Zibersegurtasun Zentro berriaren xehetasun eta ezaugarriak.

Sailburuek azaldu dutenez, zentro berriak bi zeregin nagusi izango ditu: batetik, Euskadi Europako erreferente bihurtzea informazio eta komunikazio teknologia berrien aplikazioan; bestetik, oro har euskal gizartean eta bereziki euskal enpresetan txertatzen ari diren iraultza digitalaren erronka berriei aurre egitea.

Halaber, azpiegitura kritikoei eta enpresei prebentzio eta erreakzio estaldura eraginkorra eta fidagarria ematea izango du helburu, zibersegurtasuneko mehatxu edo erasoen aurrean.

Hasierako fasean, Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa (CVC) SPRIren barruko zentro espezifiko gisa sortuko da. Behin lehen fasea amaitutakoan, bigarren fase bat zabalduko da  CERT publiko ofizial bihurtzeko (CERT ziurtagiria) eta zerbitzuaren nahiz antolakuntzaren kalitate-estandarrak betetzeko (ISO 9001, ISO 27001, ISO 20000). Prozesu horretan lanean ari da Eusko Jaurlaritza nazioartean, SPRIko langileen inplikazioari esker.

Aurreikuspenen arabera, gutxienez 6 pertsonako lantaldea izango du zentroak "martxan jartzeko eta behar bezala funtzionatzen hasteko". Ildo horretan, dagoeneko hasi dute langileak aukeratzeko hautaketa prozesua.

Zibersergurtasun Zentro berriak etengabeko harremana izango du Ertzaintzarekin, besteak beste, sareko delituak prebenitzeko, jazartzeko eta horiekin lotutako balizko arau-hauste penalak ikertzeko.

Ez da gisa horretako Euskal Autonomia Erkidegoko zentro bakarra izango, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste bat jarriko du martxan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Gaurko azken ordukoa