Gizartea -
Errefuxiatuaren eguna
Minutuero 20 pertsonak etxetik ihes egin behar izaten dute munduan
2016 urte amaieran, 65,6 milioi desplazatu zeuden munduan, ACNURek ohartarazi duenez.
agentziak | erredakzioa
Minutuero 20 pertsonak euren etxeetatik ihes egin behar izan zuten 2016an, indarkeriaren eta gatazken ondorioz, baina baita jazarpenak eta Giza Eskubideen urraketek behartuta ere, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak (ACNUR) ohartarazi duenez. Hala, 10,3 milioi desplazatu berri zenbatu dira.
Joera Globalak izeneko txostenaren arabera, 10,3 milioi horietatik, 6,9 milioi bizi diren herrialdeen barruan desplazatu ziren, eta beste 3,4 milioi errefuxiatu edo babes-eskatzaile bihurtu ziren atzerrian.
Guztira, urtea bukatu zenean, 65,5 milioi desplazatu zeuden munduan, 2015ean baino 300.000 gehiago. Horietatik, 40,3 milioi barne desplazatuak dira, 22,5 errefuxiatuak -17,2 ACNURen garaian eta beste 5,3 milioi UNRWAk erregistratuta- eta 2,8 milioi babes-eskatzaileak dira.
Hala, ACNURen esanetan, bere horretan jarraitzen du desplazatuen azken bi hamarkadetako goranzko joerak; izan ere, ia bikoiztu egin da kopurua, 1997an 33,9 milioi baitzeuden.
Alabaina, badirudi erritmoa baretu zela iaz, 6,5 milioi barne-desplazatuei eta euren etxeetara itzuli ziren 550.000 errefuxiatuei esker, gehien bat.
2012 eta 2015 bitartean sortu diren gatazkek (Siria, Irak, Yemen, Hego Sudan eta Afrika Erdiko Errepublikan, besteak beste) kopurua areagotu zuten epe horretan. Gaur egun, munduko 113 pertsonetatik 1 desplazatua da, eta orain dela hamarkada bat 160tik 1ekoa zen ratioa.
Herrialdeka, Siriak desplazatu gehien eragin dituen herrialdea izaten jarraitzen du, 12 milioi pertsonekin. Ondotik, Kolonbia, 7,7 milioirekin; Afganistan, 4,7rekin; Irak, 4,2rekin; Hego Sudan, 3,3 milioi; Sudan, 2,9rekin; Afrika Kongoko Errepublika Demokratikoa, 2,9 milioirekin; Somalia, 2,6; Nigeria, 2,5; Ukraina, 2,1 eta Yemen, 2,1 milioirekin.
Harrera herrialdeak
Aurreko urteetan bezala, errefuxiatuen % 84 garaperako bidean dauden herrialdeetan dago, eta, munduko errefuxiatuen % 28, gutxien garatutako herrialdeetan. Turkia da errefuxiatu gehien hartu dituen herrialdea, 2,9 milioirekin (400.000 gehiago), eta, horietatik, % 98 siriarrak dira.
Bigarren postuan, Pakistan, 1,4 milioi errefuxiaturekin, ia guztiak Afganistangoak. Horren atzean, Libano, milioi bat pasatxo errefuxiaturekin (gehienak libiarrak); edonola ere, behera egin du herrialde horretako kopuruak, 2014an 1,2 milioi baitzeuden. Iranen, 979.400 errefuxiatu zenbatu dituzte, ia gehienak, afganistandarrak.
Uganda bosgarren lekuan dago, 2016an "gorakada ikaragarria" izan ostean, ACNURen hitzetan. Urte amaieran, 940.000 errefuxiatu zituen, horietatik % 68 Hego Sudangoak ziren. Etiopian ere igo zen errefuxiatu kopurua, 791.000ra helduta, ia gehienak, kasu honetan ere, Hego Sudangoak.
Lehen hamarren zerrenda hurrengo herrialdeek osatzen dute: Jordania, 685.000rekin; Alemania, 669.500ekin (zerrendan agertzen den herrialde garatu bakarra da, Merkelen politikari esker); Kongoko Errepublika Demokratikoa, 452.000rekin eta Kenia, 451.000 errefuxiaturekin, kopurua % 20 murriztu ostean.