Gizartea -
Buloa
Laudioko ikastetxeetako txerri haragiaren albiste faltsu xenofoboa
Whatsappen zabaldutako mezu baten arabera, Laudioko alkateak errefusatu egin du eskoletako jantokietan txerri haragia kentzea, eta argudio arrazistak eman ditu erabakia hartzeko. Albiste faltsua da.
eitb.eus
Azken asteetan Laudio herria (Araba) protagonista duen albiste faltsu bat hedatu da Whatsapp bidez. Horren arabera, herriko alkateak gutun bat idatzi ei du, eskoletako jantokietan txerri haragia kentzea errefusatu duela azaltzeko.
Sare sozialetan biral bihurtu den mezu horretan esaten denez, guraso musulmanek eskoletako menuetatik txerri haragia kentzea eskatu zuten, alkateak ezezkoa eman die, eta argudioak egunkari batean publikatutako gutun batean eman ditu.
Istorioa, baina, ez da berria, 2013an asmatutako berri bat baita, snops.com albiste faltsuak gezurtatzen dituen webguneak jakinarazi zuenez. Orduan, hori bai, Ath herria (Belgika) zuen protagonista. Harrezkero, berria noizean behin itzuli da, hainbat sare sozialetan. Orain Laudio aipatzen, baina lehenagotik Antibes (Frantzia), Zaragoza (Aragoi) eta Villagordo (Jaen) herrietatik ere ‘pasatu’ da.
Mezuan bertan hainbat pista daude albiste faltsua dela ondorioztatzeko. Horietatik ageriena, jatorrizko iturri gisa La Voz de Alava egunkari faltsua aipatzen dela.
Gainera, mezuak kutsu arrazista argia du: Islama eta Sharia nahasten ditu, musulmanak gizarteratu nahi ez diren topiko faltsua elikatzen du eta Mendebaldeko nortasuna arriskuan ei dagoela ohartarazten du.