Gizartea -
411 urteren ostean
Emakumeak Laudioko kofradiako bazkarian, historian lehen aldiz
Bazkarian ohiko garbantzu lapikoa eta pistola ogiz egindako sopa izan dute. Guztira, 400 kofradek hartu dute parte eta normaltasuna izan da nagusi.
Erredakzioa
Laudioko San Roke kofradiak urteroko bazkaria egin du gaur, baina aurtengoa historikoa izan da: 411 urteetan lehen aldiz, emakumeek ere parte hartu dute.
Emakumeen presentzia debekatuta zegoen 1599an lehen bazkaria antolatu zutenetik. Debeku hori indarrean izan da duela bi urte Laudioko bizilagun batek egoera Arartekoaren aurrean salatu zuen arte.
Arartekoak arrazoia eman zion salatzaileari eta egoera zuzentzeko eskatu zien kofradiako kideei antzina hartutako erabakia emakumeak diskriminatzen zituelako.
Aurtengo abuztua arte, 400 kofradetatik lau bakarrik ziren emakumeak eta horietariko batek ere ez zuen abuztuko azken igandeko bazkarian egoteko eskaririk egin.
Estibaliz Gorostiaga eta Sor Marina
Hil honen hasieran, Kofradiak bost kide berri onartu zituen, horien artean Estibaliz Gorostiaga, Pablo Gorostiagaren alaba. Pablo Gorostiaga Laudioko Hbko alkate ohia da eta ezker abertzalearen buruzagia ere izan zen bere garaian. Gaur egun kartzelan da18/98 sumarioagatik Epaitegi Nazionalak zigortuta.
Estibaliz Gorostiaga aitaren lekuan eseri da. Pablo aske ateratzen denean leku hori berreskuratuko du.
Bigarren emakume bat ere gonbidatu dute gaurko bazkarira, Sor Marina Karitateko moja. Jose Luis Navarro kideak luzatu dio gonbidapena herriko Caritasen 38 urtez lanean izateagatik.