Gizartea -

Gertaera

Hobera egin du Basurtuko sutean larri zauritu zen 8 urteko haurrak

Beste adin txikikoa, 10 urtekoa, "larri baina egonkor dago". Bi haurrek Zainketa Berezien Unitatean jarraitzen dute bigarren eta hirugarren mailako erredurekin.

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande goizaldean Basurtu-Kastrexanan izandako sutean larri zauritu zen 8 urteko haurrak "hobera egin du pixka bat" eta harekin batera Gurutzetako Ospitalean dagoen beste adin txikikoa "larri baina egonkor dago", osasun zentroak jakitera eman duenez.

Aipatu iturrien arabera, 8 urteko haurrak bigarren mailako erredurak ditu gorputzaren % 10ean eta arnasa hartzen laguntzeko makinari lotuta dago oraindik, nahiz eta "pixka bat hobera egin duen".

10 urteko adin txikikoa ere Barakaldoko ospitaleko unitate berean dago ingresatuta, eta bigarren eta hirugarren mailako erredurak ditu gorputzaren % 17an. Hori dela eta, ebakuntza egin behar diotela argitu dute. Larritasunaren barruan "egonkor" dagoela jakinarazi dute Ospitaletik.

Sei zauritu

Sutea 01:30ak aldera piztu zen Bilboko Basurtu-Kastresana barrutian. Sei zaurituak, hiru heldu eta beste hiru adingabe, eraikinean bertan zeuden sua piztu zenean.

Biktima guztiak hainbat ospitaletan artatu behar izan zituzten. Larrien dagoen haurrarekin batera, beste bi zauritu daude Gurutzetako ospitalean. Gainerakoen artean, bi biktima Basurtuko ospitalean daude eta seigarrena San Eloykoan, Barakaldon.

Gainera, erreskate lanetan parte hartu zuen suhiltzaileetako bat ere Mutuan artatu behar izan zuten.

Ertzaintzak gertaeraren nondik norakoak argitzeko lanekin jarraitzen du, hala ere, eta auzokoek esandakoaren arabera, sua gas-isuri batek eragindako eztanda baten ondorioz sortu zela dirudi. Emakume batek esan zuen etxebizitzako argia pizten ikusi eta gutxira eztanda bat egon zela. Hori baieztatuko balitz, etxebizitza barruan gasa pilatu zela frogatuko luke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea