Gizartea -

Polizia operazioa

Ustezko jihadista bat atxilotu dute Melillan

Soldaduak Siriako gerra guneetara bidaltzen zituen sare jihadista bateko kide izatea leporatzen diote.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak ustezko jihadista bat atxilotu du Melillan. Atxilotua 40 urteko gizonezkoa da, jatorri marokoarra eta nazionalitate daniarra duena. Espainiako Barne Ministerioak zabaldutako informazioaren arabera, kideak bilatu eta Siriako borroka guneetara soldaduak bidaltzen zituen sare jihadista bateko kidea zen.

Antza denez, Danimarkan egoitza zuen sozietate egitura baten bitartez zerga-ordainketarik ez egitea lortzen zuen atxilotuak. Gerora, diru hori ISIS (Estatu Islamikoa) eta Al-Qaida taldeeak finantzatzeko erabiltzen zen, Espainiako Barne Ministerioaren esanetan.

Kide berriak bilatzeko sare horren lanaren ondorioz, gutxienez hainbat nazionalitateko (daniarrak, alemaniarrak eta espainiarrak) hamar kide joan dira gerra guneetara.

2012an hasi zuten ikerketa, ekonomia alorreko inolako formaziorik ez izanagatik ere, Melillan bizi ziren hainbat pertsonak Danimarkako hainbat enpresatan erantzukizun karguak zituztela ikusita.

Danimarkako agintariekin elkarlanean, sozietate egituraren baitan 24 enpresa identifikatu dituzte eta, guztira, zortzi milioi euroko iruzurra egin dutela uste dute. Orain, egituraren atzean ezkutatzen diren enpresa guztiak identifikatu nahian dabiltza ikertzaileak, baita sare sozialetako profilak eta ezkutuko identitate birtualak ere.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gerra Siria Espainia Gizartea bideoak Jihadismoa albisteak Albisteak Siria albisteak gaur