Gizartea -
Antiguako auzia
Abian da Julenen heriotza argitzeko epai-mahaiaren eztabaida
Hipotesiak hiru dira: aitak labankadaz hil zuela, istripua izan zela edo umeak bere buruaz beste egin zuela.
Agentziak | Erredakzioa
Julenen heriotza argitzeko eztabaida abiarazi du gaur epai-mahaiak. 13 urteko umea bularrean labana sartuta zuela hilda topatu zuten familiak Antiguan zuen etxebizitza batean, 2011n.
Augusto Maeso epai-mahiko presidenteak arratsaldean helarazi die epai-mahaikideei eztabaidarako txostena, akusatua, fiskala, defentsa eta akusazio partikularra bertan zirela.
Fiskalak 18 urteko kartzela-zigorra eskatu du Julenen aitarentzat, semea berak hil zuela leporatuta; akusazio partikularrak, berriz, 20 urteko espetxealdia galdegin du.
Defentsak dio ezbehar baten ondorioz edo bere buruaz beste eginda hil zela mutikoa eta, ondorioz, absoluzioa eskatu du akusatuarentzat.
15 galdera erantzuteko
Epai-mahaiak eztabaidatu beharreko txostenak 15 galdera inguru ditu eta hiru zatitan dago banatuta. Lehendabizikoak, 11 galdera ditu eta bertan aipatzen dena frogatuta dagoen ala ez ebatzi behar du epai-mahaiak.
Bigarren zatian hiru galdera erabakigarri izango dituzte, akusatua erruduna edo errugabea den ondorioztatzeko.
Azken zatian, aldiz, galdera bakarra izango dute. Akusatuak erredun joz gero, indultua eman edo ez erabaki beharko dute, eta indultua ematekotan, osoa edo partziala izan beharko litzatekeen.