Gizartea -
Azpiegiturak
AHT 2016an martxan jartzeko helburua mantentzen du Adifek
Tren azpiegituren erakundeko burua Iñaki Arriola Garraio sailburuarekin batera izan da, Eskoriatza-Aramaio zatiko Induspe tunela zulatzeko lehenengo fasearen amaiera ikusten.
Erredakzioa
Antonio Gonzalez Adif tren azpiegiturak kudeatzeko Estatuko elkarteko presidenteak baieztatu du Sustapen Ministerioak "bere horretan" mantentzen duela AHT 2016an martxan izateko helburua.
Adifen presidentea Iñaki Arriola Garraio sailburuarekin eta Gloria Sanchez Espainiako Gobernuak Araban duen azpiordezkariarekin batera joan da Eskoriatza-Aramaio zatiko Induspe tunela zulatzeko lehenengo fasearen amaiera ikustera.
Gonzalezek azpimarratu du tunelaren lehenengo fasea amaitzea "pauso irmoa dela Sustapen Ministerioak lurralde honi eman nahi dion tren azpiegitura modernoa garatzeko".
Murrizketak
Espainiako Gobernuak azpiegitura horretan 4.178 milioi euro inbertituko dituela gogoratu ostean, argi adierazi nahi izan du krisi ekonomikoak murrizketak eragin baditu ere, ez dela azpiegitura horretarako kontraturik eten. Horren harira, "lanak amaitzeko epea 2016an mantentzen dela" berretsi du Gonzalezek.
Arriolak, bere aldetik, tunela zulatzeko lehenengo fasea amaitu izana "Euskadin egiten ari diren proiektu garrantzitsuenetako batean pauso bat gehiago ematea" dela azpimarratu du.