Gizartea -
Bilbo
Zorrotzako trenbide pasagunearen arazoa konponduko du Sustapen Ministerioak
Lantalde tekniko bat osatuko dute konponbiderako aukera ezberdinak aztertzeko. 21 lagun hil dira jada pasagune horretan.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Sustapen Ministerioak Bilboko Zorrotza auzoko trenbide pasagunearen arazoa konpontzeko konpromisoa hartu du, Iñigo de la Serna ministroak iragarri duenez.
Azken urteotan 21 pertsona hil dira Zorrotzan trenak harrapatuta eta auzokideek trenbidea lurperatzea eskatu dute hamaika aldiz.
Sustapen ministroak eta Juan Maria Aburto alkateak bilera egin dute arratsalde honetan Bilbon. Bi gai izan dituzte hizpide: Abiadura Handiko Trena Bilbon integratzeko proiektua eta Zorrotzako trenbide pasagunea.
De la Sernak esan du pasagune horrek Zorrotzan izan dituen "ondorio larrien" jakinaren gainean dagoela eta Sustapen Ministerioak arazoari irtenbidea bilatu nahi diola, "Bilboko Udalarekin elkarlanean".
Ildo horretan, ministroak jakinarazi du datozen asteetan lantalde tekniko bat osatuko dutela Zorrotzako trenbide pasagunea kentzeko aukera ezberdinak aztertzeko; izan ere, "konponbide bat baino gehiago dago", erantsi du. Lantalde hori Adifeko presidenteak zuzenduko du.
Zorrotzako bizilagunek hainbat aldiz eskatu dute trenbidea lurperatzea. Protestak eta aldarrikapenak ugari egin ziren, joan den abenduan 94 eta 87 urteko bi emakumezko trenak harrapatuta hil ostean.
Juan Maria Aburto alkateak esan du bi erakundeek konpromisoa "erabatekoa" dela auzokideen "eskaera historikoari" erantzun bat emateko. Soluzioa "ahalik eta lasterren" iritsiko denaren itxaropena agertu du.