Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia ezarriko dute arratsaldean, euriteengatik
18:00etatik 00:00etara prezipitazio handiak espero dira, izan ere, ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago pila daitezke.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du ostiral honetan, 18:00etatik 00:00etara, prezipitazio handiak espero baitira lurraldean. Arratsaldean hodeiak ugarituz joango dira, eta barnealdean zaparrada trumoitsuak espero dira. Dena dela, ez da tenperatura aldaketa handirik izango.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ohar baten bidez azaldu duenez, ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago pila daitezke. Hala, egunak aurrera egin ahala, eguraldiak txarrera egingo du. Gauzak horrela, zaparrada txikiak eta ertainak nagusituko dira arratsaldean, eta baliteke zaparrada trumoitsuak ere izatea, bereziki barnealdean. Halaber, bertako zenbait tokitan prezipitazio handiak espero dira, eta txingorra egin dezake. Haizea ipar-osagaikoa izango da, eta ahul-bizi ibiliko da.
Larunbatean, uztailak 8, zerua tarteka hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Kasu honetan, tenperatura maximoa nabarmen jaitsiko da lurraldean, bereziki barnealdean. Egunean zehar prezipitazio txikiak eta trumoitsuak bota ditzake, bereziki arratsaldean, eta baliteke goizaldean handiak izatea. Haizeari dagokionez, kostaldean bolada handiak espero dira.
Hala, igandera begira zerua hodeitsu egongo da. Egunaren bigarren partean zaparrada txiki-ertainak bota ditzake, bereziki barnealdean. Mendebal-osagaiko haizea ahul-bizi eta aldakor ibiliko da. Kostaldean bolada handiak espero dira, eta eguerditik aurrera ipar-mendebaldeko osagaikoa izango da.
Gauzak horrela, zerua hodeitsu eta prezipitazio txikiekin hasiko da astea, batez ere Kantauri isurialdean. Tenperatura minimoetan ez da aldaketa handirik espero, baina baliteke minimoak eta maximoak zertxobait jaistea.