Gizartea -
G20
Hanburgon atxilotutako bilbotarra askatzeko eskatu dute
G20 Plataformak elkarretaratzea deitu du biharko Bizkaiko hiriburuan G20ren bileraren harira izan ziren istiluengatik preso dagoen laguna aska dezatela eskatzeko.
agentziak | erredakzioa
G20 Plataformak, Bilboko globalizazioaren aurkako taldeak, Hanburgon (Alemania) G20ren goi-bileraren harira izandako istiluetan atxilotu zuten bilbotarra askatzeko eskatu du.
31 urteko bizkaitarrari iragan ostegunean poliziei botilak jaurtitzea leporatzen diote, Nana Frombach Hanburgoko fiskalak jakinarazi duenez. Goi-bileraren bezperako istiluetan izan zen atxiloketa, manifestarien eta polizien arteko lehenengo liskarrak izan zirenean.
G20 Plataformak Bilbon egindako agerraldi batean azaldu duenez, atxilotuak ez zuen istiluetan parte hartu eta Poliziak "bahitu" egin zuen taberna batean lagunekin afaltzen ari zenean.
Kolektiboak salatu du bitan aldatu dutela espetxez gazte bilbotarra, eta bere abokatuak ezin izan zuela epailearen aurreko deklarazioan egon eta ez duela leporatzen diotenaren berri.
G20 plataformak elkarretaratzea deitu du biharko Bilbon laguna aska dezatela eskatzeko.
Sare Antifaxista
Sare Antifaxistak ere bat egin du aldarrikapenarekin, eta gogorarazi du "asko”"izan zirela protestariak, “Europako leku askotatik joandakoak”, eta salatu du "Poliziak errepresio gogorrarekin" erantzun zuela eta ehunka izan zirela atxilotuak, "tartean David, San Inazioko herritarra".
Sare Antifaxistaren arabera, Davidek "sei egun daramatza bahituta Alemaniako Estatuko hainbat kartzelatan, aurreko ostegunean, Hanburgoko taberna batean lagunekin afaltzen ari zenean, poliziek bahitu zutenetik, eta ordutik oso informazio gutxi daukagu bere inguruan".