Gizartea -
Istripuak mendian
Mendizale bat erreskatatu dute Urbian
Parapentean zebilen gipuzkoar bat ere erreskatatu dute, Zugarramurdin. Gainera, motor-gidari batek istripua izan du Elgeta eta Kanpanzar artean.
Agencias/Redacción
Bi pertsona erreskatatu ditu Ertzaintzak igande honetan, Euskal Herriko bi menditan. Kanpanzarren izan da istripuetako bat, eta helikopteroz eraman behar izan dute zauritua ospitalera. Bigarren ezbeharra Urbiako zelaietan gertatu da, eta 4x4 ibilgailu batean eraman dute mendizalea.
Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazi duenaren arabera, 11:45 aldera, 65 urteko mendizale bat erori egin da Urbiako zelaietan (Gipuzkoa), eta beso batean hartu du min. Ondorioz, Ertzaintzaren 4x4 ibilgailu batekin erreskatatu behar izan dute, eta Araiara (Araba) eraman. Ondoren, anbulantzia batean artatu dute, eta Txagorritxu Ospitalera eraman. Antza, kubitua eta erradioa apurtu ditu mendizaleak.
Motor-gidari bat ere zauritu da
Ordu batzuk lehenago, 10:10ean, 46 urteko motor-gidari batek istripua izan du Elgeta (Gipuzkoa) eta Kanpanzar artean, telefono-dei baten bidez SOS Deiak larrialdietarako zerbitzuari azaldu diotenez. Zauritua helikopteroz eraman dute Donostia Ospitalera.
Beste erreskate bat
Bestalde, Guardia Zibilak eta Nafarroako Gobernuaren helikoptero batek parapente batean zihoan gipuzkoar bat erreskatatu dute igande arratsaldean Zugarramurdin. 13:20 aldera izan du istripua, Arxuriako zonalde maldatsu batean.
Helikopteroa bertaratu da, eta garabi baten bidez heldu dira zauritua zegoen lekuraino. Ondoren, helikopteroz eraman dute Donostiako Ospitalera.