Gizartea -

Ustelkeria futbolean

Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko presidentea atxilotu dute

Gorka Villar semea ere atxilotu dute. Guardia Zibila Espainiako Futbol Federazioaren egoitza eta beste zenbait bulego miatzen ari da.

Angel Maria Villar. Artxiboko argazkia: EFE
Angel Maria Villar. Artxiboko argazkia: EFE
2016an hasi ziren Espainiako Futbol Federazioa ikertzen

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko presidentea atxilotu du, ustelkeriaren kontrako operazio baten baitan, Auzitegi Nazionalak aginduta.

Berri-agentzien arabera, Villarren semea, Gorka, Juan Padron Espainiako Futbol Federazioaren presidenteorde ekonomikoa eta Ramon Hernandez Baussouf Tenerifeko Futbol Federazioko idazkaria ere atxilotu dituzte. Orotara, hamar bat pertsona atxilotuko dituztela aurreikusi dute.

Hainbat delitu leporatzen dizkiete: administrazio desleiala, bidegabeko jabetzea, ustelkeria eta dokumentuak faltsutzea. Nazioarteko futbol partidak antolatzen zituzten horretarako.

Guardia Zibila miaketak egiten ari da, eta informazioa eskatu du Federazioan eta beste zenbait bulego profesionaletan.

Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzendu du operazioa, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzarekin elkarlanean.

Espainiako Futbol Federazioa egoitza nagusia Madril EFE

Espainiako Futbol Federazioa egoitza nagusia Madril EFE

(Guardia Zibila Espainiako Futbol Federazioaren egoitza nagusian, Madrilen. EFE)

Partidak bere mesedetan antolatzea

Ikerketa joan den urte hasieran abiarazi zuten. Espainiako futbol selekzioaren eta nazioarteko beste selekzio batzuen arteko partidak bere onurarako antolatu izana leporatu zion Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak Espainiako Futbol Federazioari.

Parti horien truke Anjel Maria Villarren semearen etekin ekonomikorako zerbitzuak kontratatzen zirela eta harreman komertzialak lortzen zituela salatu zuen. Gorka Villar kirol zuzenbidean aditua da.

Guardia Zibilaren arabera, Juan Padronek "gehiegikeriak" egin ditu Federazioaren ondasunak administratzeko zuen ahalmenaz baliatuta. Sozietate jakin batzuk kontratu eta trukean dirua jaso izana egozten diote.

Padronek Ramon Hernandez Baussouf Tenerifeko Federazioko idazkariaren laguntza zuen, eta biek kudeatzen zuten enpresa batera bideratzen zuten modu irregularrean eskuratutako dirua, Guardia Zibilaren ikerketaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola estatuko azken ordukoa Ustezko ustelkeria politikoa Gaurko azken orduko albistea