Gizartea -

Gastronomia

Leonor Espinosa sukaldariak irabazi du Basque Culinary World Prize saria

Herrialdeko indigenen eta bioaniztasunaren alde lan egiteagatik jaso du saria sukaldari kolonbiarrak.

Basque Culinary World Prize. Argazkia: EFE
Basque Culinary World Prize. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leonor Espinosa sukaldari kolonbiarrak irabazi du Basque Culinary World Prize 2017 saria, bere herrialdeko indigenen eta bioaniztasunaren alde lan egiteagatik.

Leo Cocina eta Cava jatetxeen jabe den sukaldaria, batez ere, indigenekin eta afroamerikarrekin egindako lanarengatik nabarmendu dute. Izan ere, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariaren esanetan, lan hori "oso garrantzitsua da Kolonbia bezalako herrialde batean". Gaineratu duenez, Espinosak bioaniztasuna eta kultura sustatzeko lan egin du, komunitate indigenen tradizioak bizirik mantentzen laguntzeko.

Horrenbestez, Espinosak 100.000 euro jasoko ditu, berak aukeratzen duen proiektu bati emateko, kontuan izanda proiektu horrek sukaldaritzaren botere eraldatzailea adierazi behar duela. BCCk eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako sariaren irabazlea gaur iragarri dute Mexiko Hirian egin duten ekitaldian, eta bertan izan dira, besteak beste, Joxe Mari Aizega BCCko zuzendaria, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea eta Joan Roca sukaldari eta sariaren epaimahaiko presidentea.

Epaimahaia ospe handiko hainbat sukaldarik osatu dute, besteak beste, hauek: Gaston Acurio (Peru), Michel Bras (Frantzia), Dominique Crenn (Ameriketako Estatu Batuak) eta María Fernanda Di Giacobbe (Venezuela).

Leonor Espinosa aukeratu dute irabazle hamar proiektu finalisten artetik: AEBn bizi den Jose Andres sukaldari espainiarra, Ebru Baybara Demir (Turkia), Dan Giusti (AEB), David Hertz (AEB), Anthony Myint (AEB), Daniel Patterson & Roy Choi (AEB), Melinda McRostie (Australia / Grezia); Niko Romito (Italia) eta Ricardo Muñoz Zurita (Mexiko).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia sariak Donostia bideoak Gaurko azken ordukoa Zer gertatu da Kolonbian? Basque Culinary Center azken ordukoa