Gizartea -

29 urte kartzelan

John Lennonen hiltzaileak espetxean jarraitu beharko du

Mark David Chapmanek seigarren aldiz aurkeztutako eskaera atzera bota du New Yorkeko Baldintzapeko Askatasunaren Batzordeak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mark David Chapman John Lennonen hiltzaileak seigarren aldiz aurkeztutako eskaera atzera bota du gaur New Yorkeko Baldintzapeko Askatasunaren Batzordeak. Chapmanek 29 urteko espetxe-zigorra bete du dagoeneko.

55 urteko Chapmanek beste bi urte itxaron beharko ditu orain, 2012ko abuztura arte, aske uztea berriro eskatu ahal izateko. Bere auzia aztertzeko eskumena zuten batzordeko hiru kideek eskaera atzera botatzea erabaki dute gaur, presoa bideokonferentziaren bidez elkarrizketatu ostean.

Musikaria hil zutela 30 urte beteko dira aurki, izan ere, Lennon 1980ko abenduan hil zuten Dakota eraikuntzan zuen etxearen sarreran, New Yorkeko Central Park parkearen aurrean. Chapmani askatasuna ez emateko erabakia hartzeko arrazoiak ez ditu azaldu New Yorkeko Baldintzapeko Askatasunaren Batzordeak.

20 urteko eta biziarteko kartzela-zigorraren arteko zehapena ezarri zioten Chapmani hilketa delitu batengatik.

Gutxieneko zigorra bete zuenetik, askatasuna eskatzeko sei aukera (bi urterik behin) izan ditu Chapmanek, baina orain arte beti ukatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea