Gizartea -

Lan-gatazka

Bizkaiko zahar-etxeetako langileek greban segituko dute abuztuan

Patronalak "erabateko blokeoa" ezarri duela salatu dute. Bi aldeak otsailean bildu ziren azkenekoz.

Bizkaiko zahar-etxeetako langileek egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Bizkaiko zahar-etxeetako langileek egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Bizkaiko zahar-etxeetako langileek egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko zahar-etxeetako langileek greban jarraituko dute abuztu guztian. Dagoeneko 225 egun egin dituzte greban.

Uztailaren 31rako zegoen deituta azken lanuztea, baina atzo egindako bileran lanuzteak gutxienez abuztu guztian mantentzea erabaki zuten.

Yolanda Montero langileen bozeramaileak azaldu duenez, sektore horretako hiru patronalek (Gesca, Elbe eta Lares) "erabateko blokeoa" ezarri dutelako erabaki dute greban segitzea. Bi aldeak otsailean bildu ziren azkenekoz.

"Zerbitzu minimoen bidez ari dira gatazka ‘konpondu’ nahian", kritikatu du.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren jarrera ere gogor kritikatu dute langileek; izan ere, ikerketa bat aintzat hartuta, Bizkaia adinekoak bizitzeko lurralde aproposa dela esan zuen, "baina adinekoei zerbitzu publikoa eskaintzen dieten langileok baldintza prekarioetan aritzea ahalbidetzen du".

"Zinismotzat" eta "hipokritatzat" jo dituzte Rementeriaren adierazpenak. "Gatazka konpontzen saiatu beharrean, gatazka ezkutatzen eta ikusezin bilakatu nahian ari da", erantsi du Monterok.

Horrez gain, zaharren egoitzetako enpresei diru publikoarekin ordaintzen diela gogoratu diote, eta Bizkaiko Foru Aldundiak "pribatizatutako zerbitzu publikoaren eredua" babesten duela salatu dute, "langileon baldintzen eta zerbitzuaren kalitatearen kaltetan, gutxi batzuek negozioa egin dezaten".

Bestalde, Esther Saavedra bozeramaileak jakinarazi du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak telefonoz deitu diela bilera bat egiteko proposatuz.

Atzo, Bizkaiko zahar-etxeetako langileek gogor kritikatu zuten Emakunde, eurekin batzartzeari uko egin ziolako. Kritika horien ondotik, Landaidak atzera egin du, eta beharginekin batzeko prest dagoela esan die. Oraingoz ez dute datarik zehaztu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Grebak albisteak Lana berriak Eguneko albisteak