Gizartea -

Gertakaria

Hilda aurkitu dute Islaresen desagertutako urpekari bilbotarra

Astearte gauean ekin zioten bilaketari. Desagertutako gaztearekin batera beste pertsona bat zegoen, baina bakarra atera zen. Gaur goizean ekin diote berriro bilaketari, lurrez, itsasoz eta airez.

Hilik aurkitu dute 23 urteko gaztearen gorpua. Argazkia: EiTB
Hilik aurkitu dute 23 urteko gaztearen gorpua. Argazkia: EiTB
Hilik aurkitu dute 23 urteko gaztearen gorpua. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilda aurkitu dute asteartetik Islaresen (Kantabria) desagertuta zegoen Bilboko 23 urteko urpekaria. 11:00ak baino zertxobait lehenago aurkitu dute, Castro Urdialesko suhiltzaileetako urpekariek, Cotonera muturretik ekialdera.

Gorpua herriko portura eraman dute, eta Polizia Judizialaren esku utzi dute.

Bilaketa astearte gauean hasi zuten. Desagertutako gaztea beste pertsona batekin zegoen, baina azken hori bakarrik irten zen uretatik.

Astearte honetan, 22:00ak aldera, izan zuen Kantabriako Gobernuaren 112 Larrialdi Zerbitzuak desagerpenaren berri.

Zerbitzu horrek zabaldutako ohar baten arabera, gaztea beste lagun batekin sartu zen uretara 19:30 inguruan, oxigenorik gabeko arrantza egitera. 22:00ak aldera, laguna itsasotik irten zen, baina ez desagertutakoa.

Abisua jaso ondoren, bilaketa antolatu zuten, eta buru-belarri aritu ziren 02:30 ingurura arte. Kantabriako Gobernuko eta Itsas Salbamenduko helikopteroak; Castro Urdialesko suhiltzaileen, DYAren eta Gurutze Gorriaren itsasontziak; Guardia Zibilaren eta Udaltzaingoaren agenteak; eta Babes Zibileko eta Larrialdietako teknikariak aritu dira desagertuaren bila.

Gurutze Gorriko Laguntza Psikologikorako Taldeko kideak ere bertaratu ziren senideak artatzera.

Gaur goizeko lehen orduan ekin diote berriro hura bilatzeari. Kantabriako Gobernuko helikoptero batek ekin dio lehenengo lan horri, eta Itsas Salbamenduko beste batek ordezkatu du gero. Kantabriako Gobernuak droneak ere erabili ditu ingurua arakatzeko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Azken ordukoa Bizkaia Eguneko albisteak Desagertutako pertsonak gaur Kantabria azken ordukoa Iparraldeko kostaldea albisteak