Gizartea -
Epaiketak
Ruben Castro futbolaria absolbitu egin dute tratu txarren akusaziotik
Epailearen arabera, ez dago frogatuta Betiseko jokalariak 'bere neska-lagun ohiaren borondatea azpiratzeko indarkeria erabili zuenik'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sevillako Zigor-arloko 14. Epaitegiak absolbitu egin du Ruben Castro futbolaria bere bikotekide ohiari ustez tratu txarrak ematea leporatzen zion akusaziotik. Joan zen maiatzaren 25ean epaitu zuten kargu horiengatik.
Kasuko epailearen arabera, ez dago frogatuta Castrok "neska-lagun ohiaren borondatea azpiratzeko indarkeria erabili zuenik".
Europa Press agentziak irakurri duen epaian jasotzen denez, epaileak absolbitu egiten du futbolaria, nahiz eta haren kontra Fiskaltzak lau urteko espetxe-zigorra eskatu zuen honako delitu hauek egotzita: ohiko tratu txarrak, mehatxu arinen delitu bat eta familiaren esparruan egindako tratu txarren sei delitu. Neska-lagun ohiak egikaritutako akusazio partikularrak, ostera, zortzi urte eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatu zuen.