Gizartea -
Dekretu berria
Jaurlaritzak homologatu egingo ditu hizkuntza eskolen titulu guztiak
Batzordea asteazkenean bilduko da, dekretu berriaren aldaketak adosteko. Gasteizko Gobernuak "lasaitasuna" eskatu die ikasleei.
Erredakzioa
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak iragarri du kudeaketak hasi dituztela jada "hizkuntza eskola ofizial guztien" euskara tituluak homologatzeko.
Gasteizen egindako agerraldi batean, EAEko Auzitegi Nagusiak tituluen homologazioei buruz publikatutako epaia hartu du hizpide. Epai horretan, epaileak indargabetu egin du hizkuntza eskola batzuen euskara tituluak Eusko Jaurlaritzaren ziurtagiriekin parekatu zituen araua.
Urgellek azaldu duenez, asteazkenean tituluen homologazio batzordea bilduko da, eta beharrezkoak diren aldaketak adostuko ditu, ondoren dekretu bat garatzeko.
Halaber, homologazioa ahalik eta lasterren egingo dutela aurreratu du, kaltedunek arazorik izan ez dezaten. Horrenbestez, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak "lasaitasuna" eskatu die ikasleei.
Laguntzak murriztu egin dizkiete euskaltegiei
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak murriztu egingo ditu ikasturte honetan euskaltegiei zuzendutako diru-laguntzak. Hain zuzen ere, murrizketa % 12,3koa izango da euskaltegi publikoen kasuan, eta % 2,8koa pribatuenean.
Iaz 39.373 pertsona joan ziren HABEren euskaltegietara, hots, aurreko urtean baino 416 gehiago. Aurten, matrikulazio epea oraindik zabalik badago ere, 40.000 ikasle izatea espero du Kultura Sailak.
Ion Zabala euskaltegi pribatu homologatuen ordezkariak adierazi du murrizketa egungo egoera ekonomikoaren ondorio dela, eta hori ez dela zentroen arazo nagusia.
Kultura sailburuak goratu egin du euskaltegiek eta haien profesionalek euskararen normalizazioa lortzeko eta kalitateko hezkuntza eskaintzeko egiten duten lana.