Gizartea -

Ingurugiroa

Hamar egunetan euskal ibaietan lau isuri izan direla salatu du Eguzkik

Kolektibo ekologistak ohartarazi duenez, litekeena da isuri gehiago egon izana, nahiz eta erakundeek salaketak ez jakinarazi.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguzki talde ekologistak salatu duenez, hamar egunetan lau isuri egon dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait ibaitan. Marka errekorra dela nabarmendu dute.

Kolektibo ekologistak ohartarazi duenez, litekeena da isuri gehiago egon izana. Batetik, gerta liteke herritarrek salaketarik ez jartzea "gertaera ohikoa dela uste dutelako", eta, bestetik, "erakundeek jasotako salaketak ez jakinaraztea".

Eguzki taldearen datuen arabera, uztaileko bigarren hamabostaldian lau isuri izan dira Euskadin. Lehena Bilboko Itsasadarrean ikusi zuten uztailaren 18an; horren ondorioz, Deustuko zubiaren parean "olio orban handi bat" agertu zen. Eguzkik ez daki zerk eragin zuen.

Bilboko Udalari, Uraren Euskal Agentziari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari gertatutakoari buruzko "inolako azalpenik ez ematea" aurpegiratu dio kolektiboak. Halaber, itsasadarraren osasun-egoerari buruz hausnartzeko deia egin du, maiatzeko triatloian hiru parte hartzaile leptospirosis gaitzarekin gaixotu zirela kontuan izanik.

Uztailaren 19an, beste isuri bat gertatu zen Zadorra ibaian, Agurainen (Araba), araztailera sartzeko ponpa matxuratu ostean. Hala, "ur zikina ibaira iritsi zen, inolako tratamendurik gabe".

Eguzkik ohar batean salatu duenez, araztaile berri bat eraiki beharra dago herrian, "oraingoak huts egiten baitu aspalditik".

Hirugarren isuria Laudion (Araba) gertatu zen, uztailaren 21ean, Areta auzoan. Hainbat arrain hilda agertu ziren, oxigeno faltagatik.

Laugarrena Gipuzkoa antzeman zuten, Amezketa ibaian (Gipuzkoa), uztailaren 28an. Ibaia "gorri" agertu zen, herriko paper-fabrikako isuri baten eraginez.

Egoera konpontzeko, talde ekologistak saneamendurako inbertsioak "abian jartzea" eskatu du, "martxan dauden azpiegiturak egoki zaindu eta mantentzeaz" gain. Bestalde, erakundeei eta enpresei eskatu diete "garden" jokatzea, eta "hiritarrei informaziorik ez ezkutatzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Gaurko albisteak Gipuzkoa Laudioko argazkiak Gizartea bideoak Agurain argazkiak Eguneko albisteak Ingurumena azken ordukoa Ibaien azken ordukoa Kutsadura