Gizartea -

Ekaitza Nafarroa

Txingorrak Zangozako merindadean utzitako kalteak zenbatzeari ekin diote

Nafarroako Gobernuak kaltedunentzako informazio bulegoa zabaldu du. Kazkabarrak mahastietan egindako kalteak dira kezka iturri nagusi.

Txingorra
Txingorra
Nafarroako Gobernuak herritarrei laguntzeko arreta-gunea ireki du Zangozan

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kazkabarrak 10 minutu eskasetan egindako kalteak zenbatzeko egunak beharko dira. Zangozako merindadean asko dira astelehen gauean izandako txingor-ekaitzaren kaltedunak.

22:10etik 22:20ra, Esako eta Arangoitiko estazio meteorologikoetan metro kubikoko 11,9 eta 7,3 litro batu zituzten. Sei zentimetroko diametroa zuen harria jausi zen.

Hain justu, kaltedunei informazioa eta laguntza emateko asmoz, informazio bulegoa zabaldu du Nafarroako Gobernuak Zangozan. 09:00etatik 14:00etara egongo da irekita, San Vicente Paul plazan. Telefonoz ere egin ahalko da kontsulta, zenbaki honetan: 948 871 859.

Beharrezkoa balitz, aste osoan egongo da zabalik bulegoa. Norbanakoek aseguruko letra txikia irakurri beharko dute, txingorrak egindako kalteak babestuta dituzten jakiteko. Izan ere, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak ez ditu kalteok bere gain hartzen.

Nekazariek Irunberrin duten ohiko laborarien bulegora jo beharko dute.

Kalteak mahastietan

Zereal uzta bildu berri dago, eta, beraz, txingorrak ez du kalterik egin. Mahastiak eta almendrondoak dira kezka iturri nagusi. Kalteak zenbaterainokoak diren zehazteko goiz bada ere, Felix Bariain Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuneko presidenteak (UAGN, gaztelerazko sigletan) aurreratu duenez, txingorra "une txarrean" heldu da "mahatsa kolorea aldatzen ari denean, une horretan kalterik badago ez dago atzera bueltarik".

Dena dela, izatekotan kalte txikiak izatea espero du, "nekazariak mahastiak lehenbailehen tratamendua jarri, eta mahatseko zauriak lehenbailehen orbaintzeko".

UAGNeko arduradunaren esanetan, kazkabarraren tamaina handiak ez du horrenbesteko kaltea egin. "Eskerrak harri handia izan dela, harri txikiak perdigoien modukoak dira eta", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Alerta meteorologikoak Eguraldia Donostia Gizartea Gaurko azken ordukoa Ekaitzak gaur Harri-erauntsia EAEn