Gizartea -
Ikerketa
Lapurreta faltsua salatu du Basauriko ostalari batek bere tabernan
Dagoeneko poliziak iruzurra argitzea lortu du. Bere arazo ekonomikoak "ezkutatzeko" helburuarekin jarri zuen salaketa.
Erredakzioa
Basauriko tabernari batek lapurreta faltsua salatu du Ertzaintzaren aurrean, bere arazo ekonomikoak "ezkutatzeko" helburuarekin. Dagoeneko, poliziak iruzurra argitzea lortu du.
Herrizaingo Sailak ohar batean jakinarazi duenez, biktimak berak lapurreta asmatu zuen dauzkan arazo ekonomikoei aurre egiteko helburuarekin. Ondorioz, delitua asmatzea egotzi dio Ertzaintzak gizonezkoari.
Iragan asteko asteartean, Basauriko tabernariak bere negozioan izandako lapurreta salatu zuen Ertzaintzaren aurrean. Biktimaren deklarazioaren arabera, egun horretan, armadun gizon bat tabernan sartu zen; bitartean, bigarren gizon bat kalean geratu zen.
Armarekin mehatxatu ondoren, lapurrari 2.800 euro eman behar izan zizkiola gaineratu zuen gizonak. Ondoren, lapurrek tabernatik ihes egin zuten.
Bere deklarazioan, lapurren deskribapen fisikoa ere eman zuen; Errumaniako herritarrak zirela esan zion poliziari.
Ustezko lapurreta ezagutu zutenean, ikerketa ireki zuten, lapurrak atxilotzeko helburuarekin. Biktimaren deklarazioan kontraesanak zeudela ikusi zuten ertzainek, eta horrek polizien susmoak piztu zituen.
Azkenik, ostalariak berak lapurreta asmatu egin zuela onartu zuen, arazo ekonomikoak ezkutatzeko helburuarekin.