Gizartea -
Azpiegiturak
Boroa-Igorre errepideak Arratia eta Durangaldea lotuko ditu
Horrez gain, Bizkaiko eskualde guztiak bide lasterrekin lotuko dituzten beste sei errepide eraikiko dituzte 2011n. Urdaibai eta A8tik gertuagoa egoteko, Autzaganen tunel bat egingo dute.
Erredakzioa
Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok Arratia eta Durangaldea lotuko dituen Boroa-Igorre errepidearen proiektua aurkeztu du Zornotzan.
Bizkaiko udalerriko Zelaieta kulturgunean errepide berrien inguruko erakusketa dago. Bilbaok bertan azaldu duenez, azpiegitura horrek Boroan, N-634 errepidearekin eta A8 autobidearekin, eta Igorren, N-240 bidearekin, lotura izango du.
Boroa-Igorre tarteak 6,1 kilometro izango ditu, bi bide noranzko bakoitzean, eta sei zubi: Arratia ibaia zeharkatzeko (315 metro), Errekaldekoa (165 metro), Iturritxekoa (145 metro), Ibaizabal ibaia zeharkatzeko (160 metro) eta Fletxakoa (305 metro).
Beste 6 errepide gehiago
Horrez gain, Bizkaiko eskualde guztiak bide lasterrekin lotuko dituzten beste sei errepide egingo ditu Bizkaiko Aldundiak.
Honakoak dira proiektu berriak: Urberuaga-Berriatua, Gerediaga-Elorrio, Amorebieta-Muxika, Mungia-Bermeo eta Bermeoko eta Ermuko saihesbideak.
Lanak hurrengo urtean hasiko dira eta 200 milioi euro inbertituko dituzte.