Gizartea -
Nafarroa
Eskalatzaile bat larri zauritu da Etxauriko haitzetan erori eta gero
Emakumeak hanka apurtuta izan dezake eta kolpe ugari ditu. Zauritua Nafarroako Ospitalera eraman dute helikopteroan.
Erredakzioa
40 urteko emakume bat larri zauritu da 20 metroko altuera batetik erori ostean, Etxauriko haitzetan (Nafarroa) eskalada egiten ari zenean, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Zaurituak 18:16ean izan du istripua rappelean jaitsiera egiten ari zenean. Emakumeak hanka apurtuta izan dezake eta kolpe ugari ditu gorputzean. Biktima Nafarroako Ospitalera eraman dute helikopteroan.
Eskalatzailea zegoen lekutik hurbil lur hartu du helikopteroak, eta erreskate zerbitzuko kide bat bertan utzi ondoren mediku baten bila joan da. Gutxi geroago medikuarekin batera Etxauriko haitzetara itzuli da.
Emakumea esku-ohean eraman dute helikopteroraino. 19:25 aldera Nafarroako Ospitalera eraman dute eskalatzailea.