Gizartea -
Urteurrena
Berri-Otxoak elkarteak 10.000 familia artatu ditu Barakaldon 25 urtetan
Barakaldoko Udaltzaingoak gizarte arloko hainbat koletibo biltzen ziren lokal bat jendez hustu ostean sortu zen plataforma, Berriotxoa kalean.
Agentziak | Erredakzioa
Berri-Otxoak, Gizarte Bazterketaren eta Gizarte Eskubideen aldeko Barakaldoko Plataformak, 25 urte bete ditu asteburu honetan. Bizkaiko herri horretako 10.000 familia baino gehiago artatu ditu orain arte.
1992ko abuztuaren 12an sortu zen elkarteak, Barakaldoko Udaltzaingoak Berriotxoa kaleko lokal bat jendez hustu ostean. Gizarte arloko personak eta kolektiboak biltzen ziren leku hartan.
Gertaera haren ondorioz ipini zuten abian "Berriotxoa Herri Kolektiboen Koordinakundea". Antolakuntzari izen hura jarri zioten hasieran, plataformako kideek adierazi dutenez.
"25 urteotan mobilizazio ugari egin ditugu etxebizitza duin baten alde: espekulazioaren eta Barakaldoko ehunka familiek jasandako etxegabetzeen kontra, hain zuzen. Horrez gain, jarduera ugari bultzatu ditugu, murrizketa, eskasia eta pobreziari aurre egiteko", gaineratu dute.
Sortu eta handik bost urtera, Berri-Otxoak antolakuntzak "Gizarte Eskubideen inguruko Informazioa emateko Bulego Alternatiboa" ireki zuen. Orduz gero, 10.307 familia artatu dituztela jakinarazi dute.
Urtean zehar hainbat protesta-jarduera egin dituzte kalean. Plataformaren arabera, egoera horiek publikoki salatzea da "gaur egungo pobrezia orokorraren egoera konpontzeko modu bakarra".